Berriak XXXV. Bizenta Mogel Lehiaketako lehen saria Iraitz Legarra markinarrak jaso du

XXXV. Bizenta Mogel Lehiaketako lehen saria Iraitz Legarra markinarrak jaso du

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 8328

Euskararen eta literaturaren festa izan zen atzo iluntzean Udaletxeko batzar aretoan egindako XXXV. Bizenta Mogel Lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Aurten 33 lan aurkeztu dira eta azken edizio honek baditu jada saridunak. Lehenengo saria Iraitz Legarra markinarrarentzat izan da, “Iraganaren orbela” ipuinarengatik. Bigarrena, herrian, Azkoitian geratu da. Lide Rekondok irabazi du “Inoiz ez da berandu” lanarengatik eta hirugarrena, Gernikara joan da Gotzon Plazaren eskutik, “Nicola, lagun zaharra” narrazioarengatik.

Pozik agertu ziren irabazleak. Lide Rekondo azkoitiarraren hitzetan, urtero hartzen du tarte bat ipuin bat idatzi eta lehiaketara aurkezteko eta jendea gauza bera egitera animatu zuen. Iraitz Legarra eta Gotzon Plazak ere esker oneko hitzak izan zituzten ekimenarekiko.

Legarrak lehenengo Mundu Gerraren ondoren Estatu Batuetan kokatutako istorioa kontatzen du, mafiaren inguruko narrazio bat. Rekondok, gaizki bukatutako maitasun harreman batetik herrira datorren neska baten istorioa jaso du eta Plazak, maitasunaren inguruko bi istorio uztartu ditu, bizitza eta naturaren arteko konparazio bat eginez, epaimahaiaren esanetan.

Ekitaldian parte hartu zuten saridunez gain, Mikel Sudupek epaimahaiaren izenean, ipuin lehiaketaren sortzaileetariko bat den Juan Bautista Mendizabalek, Mari Jose Arregik eta Sonia Vázquezek, euskara eta kultura zinegotziak, hurrenez hurren, eta Javier Zubizarreta alkateak.

Bizenta Mogelen figura ekarri zuen gogora Javier Zubizarretak. Garai zailetan, ikasteko aukera soilik gizonezkoen pribilegioa zen sasoietan gailendu zen Mogel. “Ipuin onak” liburuaren sarreran, barkamena ere eskatzen du idaztera atrebitzeagatik. Ausarta, berritzailea, izan zen”. Gaur ere, idazten duenak sortzailearen ispirituarekin idazten duela gaineratu zuen eta parte hartu dutenak idazten jarraitzera animatu zituen. “Hitzak edonon aurkitzen ditugu. Informazioak gainezka egiten digu poltsikoko mugikorrean. Informazioa da, erabilgarria. Ipuinei esker, ordea, bizitza asko bizi ditzakegu. Idazteko saiakera egiten duten guztiek merezi dituzte gure zorionik beroenak. Jarraitu idazten. Baserritarrentzat, umeentzat, aiton-amonentzat, abokatu, arrantzale eta dantzarientzat. Denontzat. Jarraitu idazten. Idazten artistak ez garen guztiontzat”, gaineratu zuen.

Gai nagusiari ematen zaion tratamendua, irakurlearengan pizten duen interesa, errimoa edota euskara maila direla ipuinak baloratzeko orduan kontutan hartzen diren irizpideak azaldu zuen Mikel Sudupek epaimahaiaren izenean. Epaimahaikide den Maria Pilar Cuende ere bertan zen publiko artean.

Ipuin guztiak irakurtzea ezinezkoa izan arren, Bigoterik gabea taldeko Karitina Alberdik eta Xabier Barquerok “Iraganaren orbela”, lehenengo ipuin saritua irakurri zuten ekitaldian. Amaitzeko, Bizkargi Musika Eskolako Julene Iturbek, Ane Lizarraldek eta Nora Uriak biolinekin “Lau teilatu” jo zuten, musika eta literatura ondo uztartzen direlakoan.

Labetik atera berria den liburuaren aurkezpena

Atzoko ekitaldian saria banaketaz gain, 1999tik 2006ra bitartean saritutako ipuinak jasotzen dituen liburua ere aurkeztu zen. “Gure eskuetara iristen den euskarazko literatur ondare hau zaintzeko modua da, horrela euskara eta literatura, biak ateratzen direlako irabazten”, esan zuen euskara zinegotzi Mari Jose Arregik.

1999 artekoak argitaratuta daude eta bide hori berreskuratu nahi izan du Udalak ipuinak zabaltzeko. “Eta horretan jarraituko dugu saritutako ipuin guztiak kaleratuz hurrengo urteetan ere”.

IMG 8306

IMG 8300

IMG 8299

IMG 8320

IMG 8302

IMG 8314

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu

AGENDAN DATOZENAK


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut