Berriak “Desoxirribonukleiko” komedia zientifiko musikala: euskaldun perfektua sortu nahian

“Desoxirribonukleiko” komedia zientifiko musikala: euskaldun perfektua sortu nahian

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 8948

“Laborategi genetiko batean euskaldun perfektua sortu nahi dugu eta Onintza Enbeita, Idoia Zenarruzabeitia, La Ochoa eta beste hainbaten DNAk (ADN-ak) txertatzen ditugu”. Horrela laburbildu dute larunbat honetan, otsailaren 4an, 22:00etan Baztartxo antzokian Glu Glu ekoiztetxeak taularatuko duen “Desoxirribonukleiko” antzezlanak. Azkoitian izan dira gaur lana aurkezten Ylenia Baglietto eta Ugaitz Alegria aktoreak eta ekoizle exekutiboa den Toño Pinto. Beraiekin izan da Kultura zinegotzi Sonia Vázquez.

 

adn leire A3“Desoxirribonukleiko” izenburupean, -“ez duzue eskolan ikasi hitz hau?, galdetzen dute- komedia zientifiko musikala egin dute. Genetika laborategi batean, sekretupean, euskal genoma ikertzen ari dira. ADN eraldaketaren bitartez, Beñarda Etxepare sortu berri dute, lehen euskal super emakumea. Konfidentzialtasun kontratu bat dute Beñarda Txinari saltzeko baina ustezko kazetari bat ere agertzen da, Iñaxio Gabilondo, eta gauzak nahastu egiten dira.

Antzeztearekin batera, abestu eta dantzatu ere egiten dute antzezleek. “Playback-a den galdetzen digute eta ez”.

Umorearekin batera, hainbat dilema azaleratzen dira. Batetik, publikoak bere buruari galdetzen dio ba ote dagoen perfekziorik eta bestetik, manipulazio genetiko zer puntutaraino erabiltzeko prest legokeen.

Antzezlana garatzeko benetako laborategietan dokumentatu dira. “Antzezlanean agertzen diren datu asko benetakoak dira eta Susana Soletok, adibidez, laborategiko zuzendariaren papera duenak, hitz tekniko asko erabiltzen ditu”.

Gaztelaniaz eta euskaraz egin dute antzezlana. Erdarazko bertsioarekin bira urtarrilean hasi dute eta euskaraz, Azkoitiko emanaldia, bigarrena izango da. “Beti lehenengo euskaraz egin izan dugu lan eta iruditu izan zait zailagoa erdaratzea. Pentsatu izan dut dela euskaldun zaharra naizelako. Kasu honetan, ordea, lehenengo erdaraz egin dugu eta ikusi dut ez dela euskaldun zaharra naizelako baizik eta sormen lana nola egina dagoen arabera, beste hizkuntza batera pasatzea dela zaila”, dio Ugaitz Alegriak. “Euskarazko bertsioa –dio Ylenia Bagliettok- oso ona da. Lan handia egin du Galder Perezek”.

Baglietto eta Alegriarekin eszenatokia partekatuko dute Susana Soletok, Leire Uchak eta Martxelo Rubiok. Barre egiteko eta ondo pasatzeko gonbitea egina dago.

Sarrerak Baztartxon bertan eskuratu ahalko dira larunbatean 8 eurotan.

Datozen antzerki emanaldiak

Sonia Vázquezek datozen hurrengo antzerki emanaldien egitaraua ere aurreratu du. Aurtengo denboraldiari “Desoxirribonukleikoa”rekin emango zaio hasiera eta datorren hilean, martxoan, “Hika Teatroaren “Koaderno zuria” antzeztuko da Baztartxon eta gaztetxoen artean hain modan dagoen “Goazen musikala” ere ekarriko dugu”.

Goazen-en bi emanaldi eskainiko dira martxoaren 17an, 18:00etan eta 20:00etan. Sarrerak, ordea, datorren astelehenean, otsailaren 6an, egongo dira salgai. Baztartxon erosi ahalko dira 18:00etatik 19:30era bitartean.

Egitarauaren barne daude Txalo Produkzioak ekoiztutako komedia dramatikoa, “Jainko basatia” eta ume eta helduei zuzenduriko Teatro Gorakadaren “Moby Dick”. Eta maiatzera arteko denboraldiari amaiera emateko “Francoren bilobaren gutuna” ikusi ahalko da, Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia konpainien eskutik. 

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu

AGENDAN DATOZENAK


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut