Berriak Markel Olano diputatu nagusiak “Etorkizuna eraikiz” proiektua aurkeztu du

Markel Olano diputatu nagusiak “Etorkizuna eraikiz” proiektua aurkeztu du

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

FV4A3523Gipuzkoako Foru Aldundiak Markel Olano diputatu nagusia buru dela “Etorkizuna eraikiz” proiektua aurkeztu du gaur arratsaldean bailaran. Egitasmoaren helburua da batetik proiektu pilotuak martxan jartzea, ebaluatu eta ondoren politika publikoetan txertatzeko. Bestetik, Gipuzkoan datozen hamar urteetan eman beharreko urratsen inguruan hausnarketa bat egitea da asmoa 2016ra begira, Gipuzkoako Plan Estrategikoa Lantzeko. "Bi arazo -esan du Olanok- ikusten genituen eta erantzun bat emateko abiatu dugu Etorkizuna Eraikiz proiektua. Arduradun politikoak eta erakundeak oso urruti ikusten gaitu jendeak eta mesfidantzaz” eta horri  jendearen kezka gaineratu behar zaio. "Etorkizunaren inguruan jendea oso kezkatuta dago”. Testuinguru horretatik abiatuta jarri dute martxan Gipuzkoa Eraikiz eta gaur eman dituzte bailara mailan lehen zertzeladak.

Parte hartzea, gizarte politika, kontziliazioa eta berdintasuna, eta euskera dira  proiektuak aintzat hartzen dituen lan esparruak.

Azpeitian izan da aurkezpen ekitaldia eta bertan diputatu nagusiarekin batera parte hartu dute Azpeitiko eta Zestoako alkateek,  Eneko Etxeberriak eta Josetxo Mendizabalek hurrenez hurren, eta Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzenen lehendakari den Javier Zubizarretak. Partaide izan dira, halaber, KPMGko Eneritz Argatxa; MUko ikertzaile Unai Elorza eta Berritek enpresako gerentea, Karlos Korta.

Javier Zubizarreta: “Talde bezala ez badugu  lan egiten, berdintasuna, gardentasuna, gobernantza eta gainerakoak pikutara doaz”

Javier Zubizarretak proiektua goraipatu du baina adierazi du proiektuen gainetik pertsonak daudela eta benetan inportanteak pertsonak direla edozein ekimenetan. “Talde bezala ez badugu jokatzen, berdintasuna, gardentasuna, gobernantza eta gainerakoak pikutara doaz. Pertsona estimatu, baloratu egin behar da. Enpresan, langileak enpresa bultzatu behar du eta enpresak langileak egiten duen ekarpena kontuan hartu, eta guztia elkar errespetatuz. Ez dago beste modurik. Pertsonak elkarrekin eta elkar errespetatuz, hori da bidea gauzak aurrera ateratzeko”. Gainera esan du proiektuen inguruan “joko garbikoa” izan behar dela, “arazoak daudenean garbi azalduz”.

FV4A3546

Hain justu enpresa eta enpresa mundua jorratu dituzte gonbidatuek. KPMGko Eneritz Argatxak berdintasun esparruan egiten ari diren lana azaldu du. Momentu honetan berdinasunari dagokionez Gipuzkoaren erradiografia egiten ari dira. Behin hobekuntza ildoak definitutatakoan, estrategia landu eta esperientzia pilotua martxan jarriko dute hainbat enpresetan, gero zabaldu ahal izateko.

Langileriaren parte hartzea eta honek langileen inplikazioan eta motibazioan duen eragina izan ditu hizpide MUko Unai Elorza ikertzaileak. 65.000 inkesta dituzte eginak eta datuak baieztatzeko inkesta kopurua hirukoiztu edo laukoiztu egin behar dela esan du. “Momentu honetan pertsonen parte hartzea enpresan arte bat da. Gai izango gara erreproduzitzeko? Hori da helburua”.  

Bere aldetik, Berritek enpresako gerente Karlos Kortak eurek egindako hobekuntzak azaldu ditu. “Duela sei urte konturatu ginen enpresa txikiek zaila zeukatela langileei eusteko eta zenbait neurri hartu genituen: ordutegi malgua, ahalik eta langiro ona… Neurri batean hori nahiko erraz lortu genuen baina jendea inplikatzea nahi genuen eta hori zailagoa zen”. Azaldu duenez horretarako Iraurgi Berritzenen proiektu batean sartu ziren lanaren antolaketa hobeto kudeatzeko. “Orain astero egiten ditugu bilerak eta bakoitzak azaltzen du nola doazen bere lanak, zer behar dituen…”.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu

AGENDAN DATOZENAK


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut