2016/07/02, Larunbata - 13:40
Udaletxeko batzar aretoan egin da gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek urtero uztailaren 2an lurraldeko herriren batean egin ohi duten bilkura ibiltaria. Aurretik 1993an egin zen Azkoitian. Hala ere, 2010ean, foru parlamentuko kideak Santa Kutzen bildu ziren Basarten egindako azken Batzar Berezia oroitzeko.
Javier Zubizarreta alkateak ezin izan du ekitaldian egon kanpoan delako familiako konpromiso bat tarteko eta Ana Azkoitia alkateordeak egin die harrera Markel Olano diputatu nagusiari, Batzar Nagusietako presidente Eider Mendozari eta mahaiko kideei, presidenteari alkate makila entregatzearekin batera.
Ohorezko aurreskuaren ondoren, agintariek, diputatuak eta presidenteak udaletxeko ohorezko liburuan sinatu dute eta gauza bera egin du alkateordeak Batzar Nagusietako liburuan, klarinek Gipuzkoako ereserkia jotzen zuten bitartean.
Behin bilkurari hasiera emanda, minutu bateko isilunea egin dute Aian hil den langilearengatik. Ondoren presidenteak alkateordeari eman dio hitza eta honek Azkoitiko herriak Batzar Nagusien ibilbidean jokatu duen paper historikoa ekarri du gogora. “Euskaldunok gure identitatearen sostengu diren eskubide historikoak baldin baditugu, atzetik defendatu dituzten erakundeak eta agintariak egon direlako da”, esan du eta erakundeen egitekoa aldarrikatu du, “herri honen ibilbidea ez delako ez gutako bakoitzarekin, ez gutako bakoitzak ordezkatzen duen alderdiarekin hasten”.
Eider Mendoza presidenteak Kontzertu Ekonomikoa eta euskal sistema fiskala izan ditu hizpide. “Ahotsa altxa izanaren arrasto ugari dago Gipuzkoako Batzar Nagusietan –beste lurraldeetan eta Legebiltzarrean bezala–, Kontzertu Ekonomikoaren defentsan. Izan ere, Estatutuarekin onartutako Itun Ekonomikoa eta euskal zerga-arauak, hasieratik jarri izan baitira auzitan Espainiako zenbait Erkidegok epaitegietara jo ondoren. Kezkatzekoa da eta sumintzekoa ere bai gure eskubide politikoa, gure herria geuk gobernatzeko eskubidea, behin eta berriz auzitan jartzen dutela ikustea”. Euskal autogobernua eta herritarren gehiengoak demokratikoki babestu eta onartzen duen erabaki politikoa errespetatzeko eskatu du. Demokrazian onartezina dela politika erosokorra esan du eta elkarrizketa dela bidea gaineratu du Gipuzkoako gai handietan adostasunak lortzeko.
Bilkura amaitzeko bi gai jorratu dira. Talde txostengile bat eratzeko eskaera egin dute Batzar Nagusietako araudian aldaketak egiteko eta datorren urteko osoko batzar ibiltaria egingo den lekua finkatu da. Oñatin izango da hurrengoa.
BBNNetako presidentearen hitzaldia
< Aurrekoa | Hurrengoa > |
---|