Berriak Udal gobernuak legealdiko lehen urtearen balantzea egin du kontuak emateko

Udal gobernuak legealdiko lehen urtearen balantzea egin du kontuak emateko

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

prentsaurrekoa-balantzea

“2015eko maiatzaren 24an izan ziren hauteskundeak eta herritarrek aukera ezberdinen artean bataren edo bestearen alde egin zuten. Guk herritarren konfidantza lortu genuen bederatzi zinegotzirekin eta orain konfidantza horren jabe garela erakustea dagokigu”. Hitz hauekin eman dio hasiera Javier Zubizarreta alkateak legealdiko lehen urteko balantzea aurkezteko emandako prentsaurreari. Batzordeburuak izan ditu mahaikide, Miguel Angel Bastida, Ana Azkoitia, Nekane Larrañaga eta Sonia Vázquez.

“Kudeaketa ona –gaineratu du– egingo genuela esan genuen eta esatetik egitera pasa gara eta egindako bidea azaltzera gatoz. Ez dut geure burua garena baino gehiago ipintzerik nahi eta ezta gutxiago ere. Kontuak eman nahi dizkiegu herritarrei, zer egiten ari garen esan. Noski, egiten ari garena baino gehiago dago egiteko, baina indartsu dago gure taldea, ilusionaturik, eta aurrera egingo dugu, betiere, pertsonengan pentsatuz, zuzen jokatuz eta errespetu handiz”.

Sustatu, azkartu edota martxan jarritako proiektu garrantzitsuenak aipatu ditu eta ondorengoa adierazi du bakoitzaren inguruan:

Azkoitia 4-1 Azkoitia Zumarraga errepidea
"Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidearen arteko hobekuntza proiektua kaxoi batean hiltzera kondenatua zirudien eta martxan dago. Tematiak izan gara negoziaketetan, burugogor samar aritu gara udalaz gaindiko erakundeekin herritarrei hala zor diogulako. Eta horri esker, 2018an hasiko dira obrak, aurreratzeko hiru errai berri eraikiz".

Idiakez-Ederra Etxea
"Egoera zuzendu eta desblokeatu dugu. Lehen bezala jarraituz gero, postalak aterako zituzten eraikinaren irudiarekin eta andamioekin. Gogoratuko duzuenez, andamioak erostea izan zen hartutako lehenengo neurria. Udalak egituragatik hilero 6.000 eurotik gora ordaintzen zituen eta diruak ihes egiteko iturri aproposa zen.
Arduradun subsidiarioa Udala denez, eraikinaren mantenu lanak ordaintzea tokatu zaio. Hamaika bilera eta negoziaketa saiakeraren ondoren, baiezta dezakegu bai Visesarekin eta bai etxejabeekin ahozko akordioa itxita dugula. Aldeekin adostutakoaren arabera, Udalaren eskuetara pasako da eraikinaren jabetza (orain arte eraikinaren mantenimenduak Udalari eragindako kostuen truke) eta Udalak lurzorua Visesari utziko dio bertan Babes Ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. 14 etxe eraikiko dira.
Eta gure asmoa da Idiakez Ederra etxearen azpiko lokaletan Zahar Etxea zabaltzea, oraingo tokitik aldatuz".

IMG 2024 Hizkuntza Eskola Ofizialeko gela desplazatuak
"Udalaren gestioei esker, Gaztanenean Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialaren gela desplazatuak jarriko dira martxan hizkuntzak ikasteko. Hasiera batean, eskaintza ingelesera mugatuko da. Eta ikasleek azterketak bertan egiteko aukera ere izango dute.
Egia da zentroa indartzea dela asmoa autoikaskuntzarako ordenagailuekin gune bat jarriz, hizkuntza ezberdinetako materiala duen liburutegi bat, e.a.
Azkoitia izango da gela desplazatuen modalitatea ezartzen den lehenengo herria".

Ziklo berria Lanbide Heziketan
"Iraurgi Berritzenen koordinaziopean eta Azpeitiko Udalarekin lankidetzan egindako lanari esker, Urola Ikastolak bere Lanbide Heziketako eskaintza zabalduko du. Menpekotasuna duten Pertsonen Zaintza zikloa eskainiko baita datorren ikasturtetik aurrera".

Azkoitia Lantzen

“Azkoitia Lantzenen inguruan kritikak izan ditugu. Alkateak aurpegirik ez duela ematen esan dute. Alkateak aurpegia eman behar duen tokian ematen du eta hitz egin beharrkeo tokian hitz egiten du. Soluzioa bilatzeko argitasun izpi bat baldin badago, guk hari helduko diogu ahalegin guztiekin eta kontrakoa ikusten badugu, ez digu dardar egingo esateak. Baina zifrak ematen direnean, kontrastatu egin behar dira, herrian alarmarik ez sortzeko.

Auzitegi Gorenaren sententziaren arabera, Oñederko lixibiatuen tratamentuaren kostua Azkoitia Lantzenek ordaindu beharko du arduradun subsidiarioa delako. Urteko 100.000 euro.

Esaten digute arazo bat ezkutatzeko lorpen bat aipatzen dugula. Baina egia dena da gaur egun, zabortegi bat zegoen tokian lana sortzen duen eta Europa mailan puntan dabilen enpresa bat dugula.

Sententzia kontrakoa izan da, baina ez da egia txikiagoa Udalak BESA enpresarengandik urtero 200.000 eurotik gora jasotzen dituela zerga kontzeptuetan.

Eta 2015eko Azkoitia Lantzenen urteko kontuen emaitza positiboa da, zehazki, 764.678,97 euroko etekina du”. 

lidl-zubizarreta Lidl
"Jakina denez, Lidl supermerkatu kateak erosi ditu Urrategi Bideko lursailak bere negozioa tokiz aldatzeko. Horri esker, Urrategi Bidea urbanizatuko dugu, kostuak Lidl-ek ordainduko digu eta gainera, Intsaustiko eremua libre geratuko da etorkizunean esku-hartze urbanistiko bat garatu nahi izanez gero.
Lidl-ez gain, hainbat enpresek erabaki dute Azkoitian inbertitzea hedatzeko beste kokapen bat bilatu ordez".

Kale garbiketa
"Ahalegin handia egin dugu kaleetan garbiketa lanak areagotzen. Gainera, biltegiko materiala aprobetxatuz hainbat hobekuntza egin dira gune ezberdinak elkarbizitzarako egokituz. Horren adibide da San Juan, aulkiak eta mahaiak ipini dira, loreak, iturri bat...
Biribilguneek ere beste itxura bat hartu dute eta belarra moztuta dago. Egin beharrekoak dira, noski, baina egin egin behar dira". IMG 2754

Hondakin sistema aldaketa
"Lortu ez duguna hondakin sistema bilketa aldatzea da. Zintzilikarioak kaleetan jarraitzen dute eta ez zen hori gure nahia. Baina prozesua azkartzea espero dut eta horretarako Mankomunitatearen laguntza izatea. Gure asmoa da ekainaren 21eko udal bilkuran sistema aldaketa jasotzen duen txostena bozkatzea eta gero Mankomunitateak eman beharko dio onarpena.
Aldaketa lehenago egitea nahi genuen baina sinetsi iezadazue aurrera goazela".

Amaitzeko Zubizarretak esan du erronkarik ez zaiela falta baina indartsu daudela denerako. 

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu

AGENDAN DATOZENAK


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut