Berriak Kandido Uranga, aktorea: “Ez dakit inori barre algararik aterako dion, baina umore inteligentea da “Heroiak” antzezlanekoa”

Kandido Uranga, aktorea: “Ez dakit inori barre algararik aterako dion, baina umore inteligentea da “Heroiak” antzezlanekoa”

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 1514 Txalo Produkzioak ekoiztutako "Heroiak" antzezlana aurkeztuko da datorren larunbatean, apirilaren 23an, Baztartxo Antzokian. Obraren berri emateko gaur Azkoitian izan dira Xabier Agirre ekoiztetxeko arduraduna eta Kandido Uranga aktorea, Sonia Vázquez zinegotziak lagunduta.
Joan den urtarrilean estreinatu zuten obra Bilboko Arriaga antzokian eta ordutik taulaz taula darabilte. Osagaiak sobera ditu antzezlanak, aktoreetatik hasita: Kandido Uranga, Ramon Agirre eta Jose Ramon Soroiz, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Zahar egoitzan batean dauden gerrako hiru beteranoren istorioa da "Heroiak". Ihes egin nahi dute. Nora ordea?

Gerald Sybleyras idazle frantsesaren Le vent des peupliers antzezlanean oinarritutako lana da. "Londresen eta Parisen –dio Agirrek- antzezten ari dira. Tom Stoppardek egin du antzerkirako bertsio bat eta gu hartan oinarritu gara". "Ez dakit zenbat aldiz ikusi dudan eta oraindik emozionatu egiten naiz. Konpletoa da oso antzezlana". Eta humanoa. Erretiratutako hiru militarrek euren bizitzako azken egunei nola aurre egiten dien erakusten da obran. Berdin dio militarrak edo erizainak izan. Zahartzaroa garratza da eta horixe ikusten da antzezlanean, kutsu komikoari muzin egin gabe.
"Protagonistak, militar erretiratuak, azken urteak ematen ari dira baina ezinean dabiltza hirurak. Nola egin aurre egoitza batean gelditzen zaizkizun egunei edo bizitzako apurrari? Metafora bat da. Zahartzaroan nola bat gizartetik kanpo geratzen den, ilusiorik gabe", dio Kandido Urangak. Pertsonaia batek konortea galtzen du tarteka, besteak gizartearen aurrera ateratzeko beldurra du eta hirugarrenak askatasun gehiago du eta gehiago mugitzen da baina "errealitatetik hurbilen dagoena da eta galdetzen du: baina kanpora zertara? Ez al gaude hemen hobeto arriskuetatik salbu?".
Agirreren esanetan, pertsonaiak maitakorrak dira eta ikuslegoa berehal bereganatzen dute. "Ez dakit –dio Urangak- barre algararik aterako zaion inori baina umore inteligentea da antzezlanarena". "Komedia melankolikoa", aktorearen hitzetan. "Irribarre batekin ateratzen zara baina ukituta".IMG 1524

"Gozamena hirurok elkarrekin lan egitea"

Aspalditik dira ezagunak Uranga, Agirre eta Soroiz. Makina bat lan elkarrekin eginak. Berriro eszenatokia partekatzea haiekin "gozamena" izan dela esan du Urangak. "Prozesua zaila izan da. Testuak ematen du ez duela asko esaten eta zaharren batailak kontatzen dituela eta hor, konplizidade handia behar duzu. Plazer handia izan da. Xabierrek –Agirrerengatik- egin digun erregalo bat da".
Xabier Agirreren esanetan "aktoreek izugarri disfrutatzen dute taula gainean eta bakoitzak bere papera defendatzearekin batera, paper orokorra ere ondo defendatzen dute". "Hau ez da matematika, artea da eta batzuetan asmatzen da eta beste batzuetan ez", esan du. Oraingoan, ordea, badirudi borobildu egin dutela.
Ondo ezagutzen dute antzerkigintza bai batak eta bai besteak. Antzerkia, zinea edo telebista duen gogokoen galdetutakoan, horrela erantzun du Urangak: "Amtzerkia magia da. Orain eta hemen. Ikuslea aurrean izatearen esperientzia ikaragarria da, satisfakziorik onena". "Antzerkia da ama" gehitu du Xabier Agirrek, produkzio lanetan ibili arren hor baitu eszenatokira bueltatzeko arra sartuta.
Sarrerak
Sarrerak Baztartxo Antzokian egongo dira eskuragarri larunbatean bertan, hilaren 23an, 10 eurotan. Aurrez, udaletxeko Kultura sailean erosi daitezke 8 eurotan. Emanaldia gaueko 22:00etan izango da.

 

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu

AGENDAN DATOZENAK


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut