Udalak diru-laguntzak emango ditu Alde Zaharreko lokal huts komertzialei erabilera emateko

2016/03/31, Osteguna - 10:03

Inprimatu

Udalak diru-laguntzak emango ditu Alde Zaharreko lokal komertzial hutsei erabilera emateko edota aktibitatea mantentzeko belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko. Alokairua ordaintzeko emango dira laguntzak. Hori ahalbidetzeko, diru-laguntzen kontzesioa arautzen duen ordenantzaren oinarrien hasierako onespena egin da. Udalak 20.000 euro bideratuko ditu, 2016ko Aurrekontu Orokorrean aurreikusi bezala.
Miguel Angel Bastida Merkataritza zinegotziaren esanetan, "ezinbestekoa da merkataritza jarduera sustatzea Alde Zaharraren berreskuratze prozesurako, ekintzaile berriak erakarriz lan merkatura. Batetik, hutsik dauden lokalei erabilera eman nahi diegu eta bestetik, belaunaldi-erreleboa bermatu aktibitateari eusteko".

Txikizkako merkataritzari, pertsonei zuzenduriko zerbitzu enpresei eta merkataritza aldetik gunea suspertzen lagunduko duten bestelako proiektuei eman ahalko zaizkie laguntzak.
Alokairu kontratuak gutxinez hiru urteko iraupena izan beharko du diru-laguntzak eskuratzeko. Lehenengo urtean %75eko laguntza emango da alokairu ordaintzeko, gehienezko kopurua hileko 300 euro izango delarik. Bigarren urtean, portzentaia %50ekoa izango da eta gehienez 250 euroko laguntza hilean. Hirugarrengoan, %25eko diru-laguntza emango da eta 125 euro gehienera jota. 
Diru-laguntzak balorazio irizpideen arabera banatuko dira. Besteak beste, aintzat hartuko da proiektuaren originaltasuna eskariarekiko; aurreikusitako inbertsioa, sortuko diren lanpostuak, alokairuaren prezioa eta euskararen presentzia.
Eskaerak Azkoitiko udaletxean aurkeztu beharko dira (Herriko Plaza z/g) Herritarren Arreta Bulegoan eta jendaurreko ordutegian, 8:00etatik 15:00etara, 30 eguneko epean, baldintza hauek argitaratzen diren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Proiektu kopurua ez bada aurreikusitakoa eta aurrekontua agortzen ez den bitartean, Udalak epea luzatzeko aukera izango du.

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut