Udala eta Foru Aldundia, elkarlanean sendo GI-631 errepidea hobetzeko

2016/03/03, Osteguna - 17:38

Inprimatu

Azkoitia 2-1 Proiektu berriak nabarmen aldatzen du egungo trazatua. Hiru bide zatitan hirugarren erreia planteatzen da. Kapazitate handiagoa izango du, seguruagoa izango da eta ibilbidearen iraupena murriztuko da.

 

 

Azkoitiako Alkateak, Jabier Zubizarretak eta Udal Gobernuko hainbat zinegotzik Bide Azpiegituretako diputatu den Aintzane Oiarbideren eta bere lan-taldearen bisita izan dute gaur, hilak 3, Azkoitiko udaletxean, Azkoitia-Urretxu GI-631 errepidearen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko idatzi duen lehen zirriborroa Udalarekin partekatu eta gertutik ezagutzeko. Gogora dezagun obra horren kostua Foru Aldundiak hartuko duela bere gain bere osotasunean; lurraldeko erakundeak ezagutzera eman duenez, 23 bat milioiko kostua izango du lan horrek “gutxi gora-behera”.
Azkoitiko alkateak biziki eskertu nahi izan ditu “bi erakundeak agertzen ari diren inplikazioa eta elkarlanerako gogoak”. “Gaur gure herriarentzat eta azkoitiarrentzat horren garrantzitsua den obraren lehen dokumentua aurkeztu zaigu. Udalak, txosten horri hainbat ekarpen egingo dizkio eta bi asteren buruan, Foru Aldundiari igorriko dizkio Azkoitiko Udalaren iritziz proiektu horretan funtsezkoak diren proposamen eta ekarpen horiek”. “Gure nahia obrei lehenbailehen ekitea da. Azkoititik hasiko dira lanak eta Udalak bere esku dagoen guztia egingo du GI-631 errepidearen hobekuntza proiektu guztia legegintzaldi amaierarako amaituta egon dadin”, berretsi du Alkateak.

Azkoitia 1-1 Azkoitia 4-1

Obraren zenbait zertzelada
GI- 631 errepide horrek trazatu bihurria du, Urola ibaiaren ibilguari jarraitzen dio 13 kilometrotan, eta bihurguneetako batek 50 metroko erradioa ere badu. Plataformaren zabalera hertsia da. Arazoa da 13 kilometro horietan, trazatua eta zirkulazio intentsitatea kontuan hartuta, oso zaila izaten dela ibilgailu batek beste bat aurreratzea, eta, ondorioz, bide horretan ibiltzen diren kamioi ugariek ezartzen dute abiadura.
Proiektu berriak trazatua hobetu nahi du, eta aurreratzeak egiteko hirugarren errei bat egin, hartara trazatuak gaur egun duen arazo nagusia konponduko bailitzateke. Gaitasuna eta segurtasuna hobetzen dira, eta ibilbidearen iraupena murrizten da. Lan horiek, gainera, ez dute eraginik izango bidegorrian, ez eta Ibaieder–Barrendiola hodian ere, eta ezkerrerako biraketak hobetuko liratekeenez, segurtasuna ere hobetu egingo litzateke.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut