Berriak Gorka Moreno: “Hainbat estereotipo berdin berdin agertzen zaizkigu Durangon, Azkoitian edo Bogotán”

Gorka Moreno: “Hainbat estereotipo berdin berdin agertzen zaizkigu Durangon, Azkoitian edo Bogotán”

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

gorka moreno Ikuspegi-Euskal Inmigrazioaren Behatokiko zuzendari Gorka Morenok hitzaldia emango du ostegunean, 19:00etan, Elkargunean eta “Inmigrazioarekiko estereotipo eta aurreiritziak. Zer da egia?” izenburupean.

Zeintzuk dira estereotipo zabalduenak eta egiari min gehien egiten dietenak?

Estereotipo ezberdinak topa ditzazkegu immigrazioari buruz hitz egiten dugunean gure gizartean, baita beste lekuetan ere, izan ere hainbat estereotipo berdin-berdin agertzen zaizkigu, Durangon, Azkoitian edota Bogotán.

Mota ezberdinetakoak topa ditzazkegu: asko direla eta nolabaiteko inbasioa ematen ari dela azpimarratzen dutenak, immigrazioa delinkuentziarekin batzen dutenak, genero-indarkerairen hedapenarekin. Baina guztien artean nire ustez min gehien edo gutxienez eragin gehien dutenak immigrazioa eta gizarte laguntzei loturikoak dira.

 

Eta gehien entzundakoa beharbada.

Bai, gainera azken hauen artean mota ezberdinetakoak aurkitu daitezke ere: osasun sistemas aprobetxatzen dira; babes ofizialeko etxebizitzekin gelditzen dira, baina guzti hauen artean ere badago estereotipo izar bat, diru-laguntzen ingurukoa hain zuzen ere. Kasu honetan diru-laguntza guztiekin gelditzen direla esaten da, diru-laguntzei esker lana ez dutela bilatzen, iruzur gehiago egiten dutela, etab.

Azken hilabete hauetan ikusi den bezala, diru-laguntzena da akaso estereotipo edo zurrumurru entzutetsuena eta gure gizartean eragin gehien sorrarazten duena, bai komunikabideei begira baina baita ere iritzi publikoarengan.

Martxoak 3an Azkoitian ospatuko den hitzaldian guzti honen inguruan argia ematen saiatuko gara, argi edukita batzutan argia erabilita ere estereotipoekin zaila dela bukatzea. Zentzu honetan, asmoa ez da egia absolutoei buruz hitz egitea, baizik eta jendeak barrenean izan ditzazkeen hainbat aurreiritzi gutxienez zalantzan jartzea eta gogoeta egitea, argi edukita estereotipoen edukinak anitzak direla: batzuk gezurra dira, beste batzuk erdi-egi; egia azalpenik gabekoa edota akaso estereotipo batzuk egien ere oinarritu daitezkela.

Integrazio eredu ezberdinez hitz egin daiteke?

Gerturapen klasikoetara erreparatuz bi integrazio eredu nagusi izango genituzke etorkinei buruz hitz egiten dugunean, nolabait ere eztabaidaren bi muturrak izango liratekeelarik.

Zeintzuk dira?

Lehenegoa asimilazionismoa da, non kanpokoa bertako ohitura, lege eta usadioetara egokitu behar den eta bera izan behar den integraziorako ahalegin handiena egin behar duena. Hortaz norabide bakarreko integrazioa izango litzateke, etorkinek helmugako gizartean bideratzen dutena.

Beste muturrean, ikuspegi multikulturala kokatuko litzateke, honen arabera kultura ezberdinak egon daitezke gizarte batean eta hauen artean elkarbizitza egokia eman behar da, asimilazionismoaren ikuspegiari aurre eginez.

Bi mutur hauen artean kokatuko lirateke errealitate ezberdinak. Azken hamarkadetan ikuspegi asmilazionistak indarra jaso duen arren iritzi publikoan, bere emaitzak ez dira oso arrakastatsuak izan eta Frantziako Banlieus-etan azken urteetan emandakoa adibide esanguratsua da. Kasu honetan asimilazio kulturala –gutxienez hasiera batean- eman da baina ez integrazio ekonomikoa eta azken honek ahalbidetu du sarritan asimilazio kulturala ez gauzatzea bigarren eta hirugarren belaunaldietan eta areago oraindik, integrismoen zabalpena ematea hainbat auzo hauetan.

Eta multikulturalismoa?

Multikulturalismoaren hedapena oso mugatua izan da eta zentzu honetan zaila da honen emaitzak aztertzea, dena den askotan komunitateen arteko elkarrizketa ezan bukatu du.

Guzti honek gogoeta batetara garamatza, gehienetan integrazioari buruz hitz egiten dugunean arlo kultural-erlijiosoan zentratzen gara, baina ezer gutxi esaten dugu integrazio sozio-ekonomikoari buruz eta horretan datza nire ustez gaur egungo eta etorkizuneko erronka. Are gehiago, Frantzian gertatu dena kontutan hartzen badugu.

Askotan eztabaida kultural erlijiosoetan zentratzen gara, baina etorkinei galdetzen badiegu zer den eurentzat integrazioa lan merkatuan eta bizi-baldintzetan ari dira pentsatzen, eta ez hainbeste euren erlijio, janzkera edota sinismenetan. Beste era batera esanda, asimilazionismo kulturalera mugatu gara, baina eztabaida asimilazionismo ekonomikoan datza, alegia etorkinek guk daukagun lan postua eta etxea nahi dute eta ez beste ezer.

Zeintzuk dira giltzarriak aniztasuna kudeatzeko orduan?

Galdera hau zaila da erantzutea eta ez dut uste nik erantzun borobilik daukadanik hau bideratzeko. Lehenik eta behin uste dut lasaitasuna izan behar dela lehenengo irizpidea. Azken urte hauetan migrazioaren fenomenoa agertu zaigu eta honeki aniztasuna handitu egin du hainbat arloetan. Ezberdina eta berria dena betik lehenengo momento batean ikara apur bat sorrarazten digu, baina garrantzitsua da lasaitasuna izatea eta zentzu komuna kopetan tatuatua izatea.

Aniztasuna ailegatu da eta ailegatu da hemen gelditzeko, beraz ezinezkoa da ostrukarena egitea, sortu daitezkeen arazoei aurre egin beharko zaio eta askotan –eta hori da zailena- esku-libururik ez dugularik edota soluzioak orokortzeko aukerarik.

 Beraz?

Argi dago kultura ezberdinen nondik norakoak ondo ezagutzea tresna baliogarria izan behar dela eta horrela sarritan sortu daitezkeen gaizkiulertuak hobeto kudeatu daitezkela, baina ere berean kontutan hartu behar dugu zeintzuk diren negoziaezinak diren giza-eskubideak eta gaur egun gurean indarrean dagoen marko juridikoa. Bi elementu hauen tentsioaren baitan egongo da aniztasunaren kudeaketaren erronkak, kultur arlora mugatzen badugu bederen.

Baina berriz aipatu behar dut, ahaztu egiten zaigula sarritan arlo sozioekonomikoa eta zentzu honetan aniztasunaren kudeaketa egokia emateko bi irizpide ezinbestekotzat jotzen ditut: Lehenengo belaunaldiak enplegua izan dezala eta bigarrenak enplegu hobeago bat hezkuntzaren bidez. Beste hitzekin esanda, lan merkatuan eta hezkuntza sistema dira aniztasunaren kudeaketa eta integrazioaren gune garrantzitsuak orain eta epe ertainera ere.

Berriki kaleratutako azterketa baten arabera, etorkinen kontrako bazterketa jarrerak murriztu egin dira baina baita etorkinen integrazio nahia ere. Zer iritzi duzu?

Iritziei buruz hitz egiten badugu nahiko baikorrak izan gaitezkela uste dut. Datuak azken bi urteetan hobera egin dute eta krisian agertu ziren hainbat jarrera indarra galdu dutela ematen du. Honek ez du esan nahi beti piztua egon behar diren alarmak itzali behar direnik, baina bai gutxienez eszenatokia ez dela txarra momento hauetan.

Dena den, jarrerak garrantzitsuak diren arren, are garrantzitsuagoak dira portaerak eta gauza ezberdinak dira. Askotan jendeak jarrera ezkorrak izan ditzazke etorkinen aurrean baina gero jarrera hauek ez dira portaera bihurtzen, eta hau oso garrantzitsua da.

Nola saihesten da hori?

Jarreratik portaerarako igaroaldi horretan uste dut arduradun politikoen eragina eta ardura oso handia dela eta euren diskurtsoen bidez harresia edota autobidea jarri dezaketela jarreratik portaerarako igaroaldian. Horregatik, hain zuzen ere, garrantzitsua iruditzen zait hitzaldi hauek antolatzearen beharra eta kasu honetan udaletxean dauden arduradunen lidergotzaren beharra elkarbizitza eta integrazioa sustatzeko eta ez kontrakoa bultzatzeko. Beste era batera esanda, testuinguru zail batean politikariak suhiltzaileak ala piromanoak izan daitezke. Nik argi daukat zein den hautua, eta botu batzuengatik herri bateko giroa eta elkarbizitza arriskuan jartzeak ez duela pena merezi iruditzen zait.

Hau esan eta gero, iruditzen zait bai EAEn zein estatúan daukagun testuingurua ez dela txarra. Politikarien diskurtsoetan etorkinen gaia ez da hauteskunde interesentzako erabili –salbuespen bakan batzuk alde batera utzita- eta hori poztekoa da.

Baina era berean ere gizartea pentsatzen duguna baino helduagoa dela iruditzen zait eta ondo badaki egoeraren ardura norena den. Zentzu honetan, eta honekin bukatu nahiko nuke elkarrizketa, nahiz eta batzuentzat momento hau konplikatua izan, nire ustez nahiko baikor izan gaitezke eta gauzak nahiko ondo doaztela iruditzen zait, bai integrazioari dagokionez baina baita ere aniztasunaren kudeaketari dagokionez.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut