Berriak Sistemas Essellek eta Intza Group-ek Azkoitiaren aldeko apustua egin dute Oinartxon inbertituz

Sistemas Essellek eta Intza Group-ek Azkoitiaren aldeko apustua egin dute Oinartxon inbertituz

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 7492 Ziurgabetasunez beteriko testuinguru global honetan, Azkoitiko zenbait enpresa krisiari bizkarra eman eta euren negozioak handitzeko ahaleginetan dabiltza, merkatu berriak zabaldu edo behintzat dituztenak mantenduz. Horren adibide dira Sistemas Esselle edota Intza Group. Instalazioak handitzeko asmotan dira eta Azkoitiaren alde apustu egiten jarraitzen dute.

Sistemas Essellek kautxuzko piezak egiten ditu eta enpresak Oinartxon hartu duen partzela eskrituratzear du.  2.000 m²-ko lursaila, alegia. Bertara tokialdatuko dute 1999tik Juin Txikin duten aktibitate guztia. Bere aldetik, koipeztatze sistemak eta lubrifikazio soluzioak eskaintzen dituen Intza Group-ek 237 m²-ko gunea erosi du poligono bereko eraikin komertzialean bere bulego guztiak bertan zentralizatzeko asmoz.

“Oinartxon kokatuko ditugu ekoizpen prozesuekin harreman zuzena ez duten departamentuak, hala nola, gerentzia, administrazioa edota komertzial saila”, dio Intza Group-eko Administrazio Kontseiluko lehendakari Javier Alberdik. “42 langile –gaineratu du- gara eta merkataritza edo administrazio departamenduak pisua hartzen joan dira eta txikiegi geratu zaigu orain gauden tokia. Oinartxo ondo datorkigu hurbiltasunagatik zeren lantegia Ugarten dugu eta gainera, eraikina oso egokia da eta horrek ere gure irudia hobetzen laguntzen digu”. Intza, Intza Woerner eta Anitz konpainiek osatzen dute Intza Group enpresa taldea. Guztira, 5.143.000 euroko fakturaziora iritsi ziren iaz, gero eta dibertsifikatuagoa duten negozioari esker.

Javier Alberdik bezala, Sistemas Esselle enpresaren zuzendari gerente Jacques Garatek ondo daki fakturazioan ondo ibiltzeko inbertsioa ere ezinbestekoa dela. “Guk –dio Garatek- hemengo lantegia indartu nahi dugu makina berriak sartuz eta langile gehiago hartuz. Alfaroko fabrikan ere handitze lanetan ari gara. Errioxan 40 lagun inguru dabiltza lanean eta Azkotian 16 gara, baina zifra hori igotzea aurreikusten dugu”. Oinartxora lekualdatzeak inbertsio ahalegin handia eskatzen du. “Bai, asmo handiko inbertsioa da, lurzoruaren erosketa dela, industria-nabearen eraikuntza, makineria…”. Hurrengo urratsa proiektua garatzea izango da. Horrek sei bat hilabete eramango dizkie.

Udalari esker ona

Bai Alberdik eta bai Garatek beren esker ona adierazi diete Azkoitiko Udalari Oinartxoko industrialdea kudeatzen den Urolako Industrialdea S.A. erakundearekin izandako bitartekaritzagatik eta negoziaketetan akordio batera iristen laguntzeagatik. Udala, Javier Zubizarreta buru dela, “gurekin konprometitu eta bitartekari lanetan lagundu digu”, dio Garatek. Alberdi iritzi berekoa da. “Prozesu guzti honetan lagundu egin digu eta SPRIrekin negoziaketak bide onetik eramaten lagundu digu. Ez dugu hasieran espero genuena bete baina prezioa jaistea lortu dugu eta baita ordainketarako erraztasunak ere”.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut