Berriak Iragarkia: Loiola Berrikuntza Fundazioari diru-laguntza

Iragarkia: Loiola Berrikuntza Fundazioari diru-laguntza

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IRAGARKIA

2015eko azaroaren 25eko Udalbatza Osoak beste batzuen artean honakoa erabaki du:

LEHENA.- Loiola Berrikuntza Fundazioari 39.612,83 €.ko diru-laguntza ematea, eta laguntza hori arautuko duen lankidetza hitzarmena onartzea, ondoko klausulen arabera:

KLAUSULAK

"LEHENA.- DIRU-LAGUNTZAREN XEDEA ZEHAZTEA.

a) Diru-laguntzaren xedea eta helburua.

-Diru-laguntzaren helburua edo azken xedea da Urola Erdia eskualdean garapen sozio-ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzea; eskualdean enpresa-sare iraunkorra sortzea, oinarri teknologiko sendoarekin eta merkatuan irmo kokatua, enplegua sortu ahal izateko eta etorkizunean garapen iraunkorrerako oinarriak finkatzeko

- Helburu hori betetzeko, "2015eko Memoria Jarduera-Kudeaketa Plana" dokumentuan zehazturiko jarduerak finantzatzeko bideratuko da diru-laguntza. Onuradunak (LOIOLA BERRIKUNTZA FUNDAZIOAK) gauzatu beharko ditu jarduera hauek.

b) Lehentasunez jarduteko esparruak:

• Enpresa lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzea: prospekzio zerbitzua, bitartekaritza, nazioartekotzea, teknologiaren zabalpena, mikroenpresei laguntzak, merkatarien foroa dinamizatzea, etab.
• Ekintzailetasuna sustatzea: Co-working espazioa diseinatu eta sortu, aholkularitza zerbitzuak, laguntza publikoak bideratu, etab.
• Enpresen berrikuntzarako egokitze-prozesua sustatzea: enpresa handi eta txikien kudeaketa eta teknologia berrikuntzaren arloetan, enpresa berrien kaptazioa, IKASIEKIN programa....

• Prestakuntza eskaintza eskualdearen garapen beharretara egokitzea: Elkarrekin Eraikitzen Proiektuaren kontsolidazioa, ikastetxeen arteko elkarlana sustatzea, ikasleei orientazioa eskaintzea...

• Eskualdean ingurune berritzaileen sorrera bultzatuko duten politika eta estrategiak ezartzea: eskualdeko bisio amankomuna sustatzea, eragile ezberdinen arteko topagunea antolatuz, dibertsifikazio sektoriala bultzatzea (Industria Mapa, barne ekintzailetasun programak, bailarako proiektu estrategikoak), Enplegu plana exekutatzea, etab....

c) HARTZAILEAK

Hitzarmen honetan jasotakoa betez gauzatuko diren jardunak eta ekimenak, LOIOLA BERRIKUNTZA FUNDAZIOAK egindako txostenean jasotzen direlarik, hitzarmenean bertan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten ekintzaileei, enpresei, entitateei eta erakundeei bideraturik daude, berdin publikoei nahiz pribatuei.

d) Aurrekontua.

Berrikuntza sozioenpresarialerako Plan hau gauzatzeko 2015erako LOIOLA BERRIKUNTZA FUNDAZIOAK aurkeztu duen aurrekontua, guztira, 314.808,13 € koa izan da .

BIGARRENA.- DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKETEN GASTUAK.

Egitekoak diren jarduerak betetzeko prozesuan zuzenean sortutako gastuak hartuko dira gastu hautagarritzat, beti ere 2015eko Kudeaketa Plangintzan eta aurkezturiko aurrekontuan sartuta baldin badaude .

HIRUGARRENA.- ZENBATEKOA ETA AURREKONTU-KREDITUA.

Diru-laguntzaren zenbatekoa 39.612,83-koa izango da 2015eko aurrekontu-ekitaldirako, eta Sustapenerako diru-laguntzei dagokien 8000.432.241.00.04.2015 aurrekontu-partidaren kontura finantzatuko da.

LAUGARRENA.- BESTE DIRU-LAGUNTZEKIN BATERAGARRITASUNA

Diru-laguntza hau bateragarria izango da beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek helburu bererako emandako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, beti ere diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez badute. Klausula honek ez dio kalterik egingo diru-laguntza edo laguntza horiek arautzeko legedian xedatutakoari.

Era honetan, LOIOLA BERRIKUNTZA FUNDAZIOAK konpromisoa hartzen du jasotako beste dirulaguntzen berri emateko Azkoitiko udalari, Herri-Administrazioetako diru-laguntzak arautzen dituen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kasu guztietan, eta aipatu Legearen 19.3. artikuluan xedaturikoa kontutan harturik, jasotako diru-laguntza guztien kopuruak ezingo du gainditu gastuen aurrekontua. Gainfinantzaketaren kasua gertatuko balitz, Fundazioak itzuli beharko dio Azkoitiko udalari soberan jasotako diru-laguntza, Lege honen 37.3 artikuluan araututakoa jarraituz

BOSGARRENA.- DIRU-LAGUNTZA ORDAINTZEKO EPEAK ETA MODUAK.

Lehen klausulan adierazitako jarduerak 2015eko Abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharko dira.

Diru-laguntzen Legedian xedatutakoarekin bat etorriz, eta kontuan hartuta diru-laguntzen funtsak ematea ezinbestekoa dela diru-laguntzari atxikitako jarduerak gauzatu ahal izateko, egokitzat jo da ordainketa aurreratuak egitea, gastuak justifikatu aurretik, alegia.

Horrenbestez, programa honen arabera egingo dira diru-laguntzaren ordainketak:

1. % 80a lankidetza-hitzarmen hau sinatu ondoren.

2. %20a Memoria Jarduera-Kudeaketa Plangintzan azaldutako jarduerak amaitu ondoren beti ere 2015eko Abenduak 31 baina lehenago.

Banku-transferentzia bidez ordainduko da diru-laguntza, LOIOLA BERRIKUNTZA FUNDAZIOKO kontu korrontean.

SEIGARRENA.- JUSTIFIKAZIO-KONTUAN JASO BEHARREKO AGIRIAK.

Diru-laguntzaren xedea justifikatzeko, eta diru-laguntza amaitzean jasotako funtsak zertara bideratu diren egiaztatzeko, diruz lagundutako jarduera osoari dagozkion gastu eta sarrera guztien kontuak aurkeztu beharko ditu onuradunak.

• Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak bete direla egiaztatuko duen jarduera-memoria. Egindako jarduerak eta eskuratutako emaitzak adierazi beharko dira memoria horretan.

• Diruz lagundutako jarduerari dagozkion gastuen zerrenda, atalka sailkatuta. Hartzekoduna nor den eta agiria, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, horrela badagokio, ordainketa-data zehaztu beharko dira zerrenda horretan.

• Diruz lagundutako jarduerarekin loturiko sarreren zerrenda.

• Administrazioaren aurrean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatuko duten ziurtagiriak.

ZAZPIGARRENA.- ONURADUNAK BERE GAIN HARTUTAKO BALDINTZA ETA BETEBEHAR OROKORRAK.

a) Giza baliabideak eta baliabide teknikoak.

LOIOLA BERRIKUNTZA FUNDAZIOAk beharrezkoa den giza lantaldea jarriko du akordio honen zerbitzura, baita hitzarmenak ekarriko dituen proiektuak garatzeko kualitatiboki nahiz kuantitatiboki ahalmen nahikoa izango duten baliabide teknikoak eta azpiegitura ere. Hitzarmenaren eranskinean izendatutakoak dira baliabide horiek

Egokia dela uste badute, Azkoitiko Udalak nahiz eskualdeko eragile ekonomikoek ere beren langileak jarri ahal izango dituzte proiektuen zerbitzura, egoki irizten dioten faseetan.

Hitzarmen honetan zehaztu diren ekintzak exekutatzeko, LOIOLA BERRIKUNTZA FUNDAZIOAk, Azkoitiko udalak eskura ezarritako instalakuntzak erabili ahal izango ditu.

b) Osagarritasuna eskualde mailako jardunekin.

Bi aldeek eskualdearen ikuspegia aintzat hartuta koordinatu eta uztartuko dituzte beren ahaleginak, eta, horrenbestez, adierazitako jarduerak bateragarriak izango dira beste esparru batzuetan egindakoekin.

Oinarrizko hitzarmen honek ekar ditzakeen lankidetza eta elkarlaneko ekimenetan, hitzarmen hau ez ezik Urola Erdia eskualdean egiten diren jarduerak izango dira erreferentzia.

2015eko Kudeaketa Plana gauzatzeko, urteko plangintzak bete beharko dira eta bigarren klausulan adierazitako lehentasunezko jarduera-esparruetatik sortutako proiektuak gauzatzeko baldintzak hartuko dira kontuan. Dokumentu honi laguntzen dion eranskinean zehazten dira, xehetasun osoz, zein diren lehentasunezko esparru horiek, eta bat etorriko dira unean-unean LOIOLA BERRIKUNTZA FUNDAZIOAn indarrean dauden ohikoekin eta kasu bakoitzean adostu daitezkeen esparru espezifikoekin (horrela balitz, dagokion proposamenean bilduko dira lehentasunezko esparru horiek).

ZORTZIGARRENA.- Hitzarmenaren garapenaren jarraipena.

Jarraipen Batzorde bat eratuko da hitzarmen hau martxan jartzeko, kontrolatzeko eta bertan aurreikusitako jardueren jarraipena egiteko. Alde bakoitzeko bi pertsonak osatuko dute batzorde hori, eta alde bakoitzak egoki irizten dituen laguntzaileek. Batzordeak hilero bildu beharko du, eta eginkizun hauek izango ditu bere ardurapean:

• Proiektuak planifikatzea eta horien jarraipena eta ebaluazioa egitea, baita hitzarmen honetako ekintzei aplikatu beharreko ekarpen ekonomikoak kontrolatzea ere.

• Proiektuak garatzeko arduradun egokiak izendatzea, non honakoak diren :

• Azkoitiko Udaletxearen aldetik: Alkate-Udalburua eta sustapen ekonomikoaren arloko zinegotzia.
• LOIOLA BERRIKUNTZA FUNDAZIOtik : Zuzendaria.

• Erakunde sinatzaileen gobernu-organoetara eramatea eskuratu diren emaitzen hiruhileko ebaluazioak, proposamenak, txostenak, akordioak edo organo horien onarpena eskatzen duten gainerako erabaki guztiak.

• Jarritako helburuak lortzeko xedea izan dezakeen beste edozein.

BEDERATZIGARRENA.- APLIKATU BEHARREKO LEGE-ARAUBIDEA.

Diru-laguntza hauek emateko eta onuradunaren eta erakunde emailearen arteko harreman juridikoa arautzeko, honako lege eta dokumentu hauek hartuko dira oinarri: lankidetza-hitzarmen hau eta diru-laguntzak emateko unean indarrean diren gainerako araudiak.

Oinarri hauetan aurreikusi gabeko guztietarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (Estatuko Aldizkari Ofiziala: 2003-11-18) eta lege hori garatzeko 887/2006 Errege dekretuz onartutako Erregelamendua aplikatuko dira.

HAMARGARRENA.- DESADOSTASUNAK.

Hitzarmen honetatik sor daitezkeen auziak eta desadostasunak, hitzarmenak berak izaera juridiko-administratiboa duenez, administrazioarekiko auzietarako jurisdikzio-ordenaren mende geratuko dira. "

BIGARRENA.- Aipatu proiektuen garapena finantzatzeko 39.612,83 €ko gastua onartzea, ondoko aurrekontu partidaren kargura: 8000.432.241.00.04.2015

HIRUGARRENA.- Azkoitiko Alkate-Udalburuari ahalmena ematea, aipatu hitzarmena izenpe dezala Udalaren ordezkaritzan.

LAUGARRENA.- Lankidetza hitzarmena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Udaletxeko iragarki taulan, Udalaren web orrian eta gardentasunaren atarian argitaratzea.

BOSGARRENA.- Erabaki hauek Loiola Berrikuntza Fundazioari eta Udaleko Kontuhartzaileta Sailari jakinaraztea.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut