Udalak Oroimenaren Eguna ospatzeko deialdia luzatu die herritarrei

2015/11/06, Ostirala - 13:10

Inprimatu

Azaroak 10, asteartea, 12:00etan
Insausti Jauregi aurreko "Oroimenean" eskulturaren ondoan 15 minutuko isilunea 
EH Bildu, PSE-EE eta EAJ alderdiek bat egin dute proposamenarekin


Azaroak 10ean, asteartean, Oroimenaren Eguna ospatzeko, udalbatza 15 minutuz batzeko proposamena egin du Javier Zubizarreta alkateak eta herritarrak eta erakunde eta eragile sozialen ordezkariak ekimenarekin bat egitera gonbidatu ditu.

Alkateak egindako proposamenarekin bat egin dute EH Bildu, PSE-EE eta EAJ alderdiek.

Ekitaldia Insausti Jauregi aurreko lorategian izango da, 2007ko martxoan inauguratu zen "Oroimenean" eskulturaren ondoan, hain justu.

Ordu laurdeneko isilunearen ostean, "Oroimenean" eskulturari lore eskaintza egingo zaio biktima guztien memorian.

"Nire asmoa da Oroimenaren Eguna ahalik eta adostasun handienarekin egitea, eta horretan oinarrituta, urtez urte aurrerapausoak ematea bizikidetzaren esparruan", esan du Javier Zubizarreta alkateak.

Ildo horretan, 2013ko martxoaren 14an, EAJ, EH Bildu, PSE eta PP talde parlamentarioek bakearen eta bizikidetzaren esparruan lorturiko akordioa hartu da oinarri, azken urteetan lortutako adostasun bakarrenetarikoa.

Akordioak hauxe dio: "Bakea eta bizikidetza lortzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina onartzea eta biktimak duintzea; izan ere, biktima guztiek merezi dute egia, justicia eta konponbidea lortzeko eskubidea".

"Oroimenean" eskultura ETAren, Komando Autonomo Antikapitalisten eta GALen biktimen oroimenean jarri zen. Eusko Jaurlaritzak landutako "Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960 -2010)" txostenean biktima berak aitortzen dira. Dokumentuan Jose Luis Salegiren kasua ere agertzen da, baina egiaztatze eta ikerketa sakonagoa behar duela azaltzen da.

Bestetik, EH Bilduk eskaera egin zuen aipatu txostenean Jabier Larrañaga "Peru" biktima gisa errekonozitzeko eta Udalak egin beharreko izapideak egin ditu kasua aztertu dezaten.

Azkoitian aitortutako biktimak dira Ramon Baglieto, Justino Quindos, Elio Lopez, Julio Muñoz, Jose María Piris, Jose Larrañaga y Ramon Oñaederra.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut