Berriak Foru Aldundiak ahuleziak ikusi ditu partaidetzazko aurrekontuen prozesuan eta beste modu batera kudeatuko ditu proposaturiko proiektuak

Foru Aldundiak ahuleziak ikusi ditu partaidetzazko aurrekontuen prozesuan eta beste modu batera kudeatuko ditu proposaturiko proiektuak

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

bilera Gipuzkoako Foru Aldundiak ahuleziak ikusi ditu aurreko legealdian abian jarritako partaidetzazko aurrekontuen prozesuan eta aldaketak egingo ditu hobetze aldera. Hori da atzo Azkoitiko Elkargunean Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak partaideei adierazitakoa. Bertan izan ziren udal ordezkariak ere.

"Gipuzkoan –esan zuen Lasak- 360 lagunek hartu dute parte, baina 20 milioi euroko aurrekontu bat 360 pertsonek bakarrik erabakitzea gehiegizkoa iruditzen zaigu". Proposaturiko proiektuen garapena aurreikusitako moduan gauzatzeko partaide kopurua txikiegia dela irizteaz gain, diputatuak argi utzi zuen "bere garaian aipatutako diru hori" ez dagoela. "Hogei miloi horiek ez daude ez aurrekontuetan sartuta, ez hartutako kreditu konpromisoetan".

Hauek dira partaidetzazko aurrekontuen prozesuan aldaketak emateko Aldunditik ikusten dituzten arrazoi nagusiak: legitimitate eza partaide kopurua ahulegia delako eta proiektuak garatzeko bideratuko zela esan zen diru kopurua aurrekontuetan sartu ez izana.

Partaideek galdetu zioten Imanol Lasari alferrikako lana egin al duten zeren inoiz ez zietela esan dirurik ez zela egongo. "Ez dut halakorik esan. Ulertzen dut konpromiso politiko gisa hartuko zela". Aurreko legealdiko lehen hiru urteetan, akordio politikoa hitzartu zen partaidetza prozesu hau aurrera eramateko eta emandako hitza bete ahal izan zen. Azkenengoan, ordea, ez da alderdien arteko akordiorik egon.

Lasaren hitzetan, prozesua ez du "porrot gisa" ikusten, "ikasketa modura baizik". Hobetzeko aukera dagoela ikusi du Aldundiak eta horregatik beste modu batera kudeatuko ditu proiektuak. Dagoeneko proposatutakoak, guztiak, aintzat hartuko dituztela jakinarazi zuen baina banaka banaka aztertzen joango direla eta teknikoki soluzioak bilatzen eta erantzunak ematen. "Kasu batzuetan zehaztapen gehiago behar dugu, beste batzuk ohiko aurrekontuetan txerta daitezke, beste batzuk udal taldeekin adostu beharko ditugu... Aztertu eta beste modu batera garatuko ditugu".
Proposaturiko proiektuen artean zeintzuk egingo diren, noiz eta zenbat dirurekin erantzutea momentuz ezinezkoa egiten zaiola ere gehitu zuen.

Bilerara bost herritako eragileak deitu ziren, Zestoakoak, Errezilgoak, Beizamakoak, Azpeitikoak eta Azkoitikoak, alegia.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu

AGENDAN DATOZENAK


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut