Berriak Azkoitiko Udalak hurrengo hilean sinatuko du egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku uzteko hitzarmena

Azkoitiko Udalak hurrengo hilean sinatuko du egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku uzteko hitzarmena

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

dipuegoitzaGizarte Politikako diputatu Ander Rodríguez, eta Erakunde Publikoetarako zuzendari Pablo García Azkoitiko San Jose egoitzan izan dira Udaleko alkate Urrategi Alberdi eta gizarte zerbitzuetako zinegotzi Esther Lizarralderekin batera, gaur (osteguna), egoitzako egoera bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo hilean sinatuko dute udal egoitza Diputazioari eskualdatzeko hitzarmena eta beharrezkoa den azken izapidea egingo dute Aldundia zentro horren kudeaketaz arduratu dadin, 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak xedatutakoa betez. Gipuzkoako 16 udal egoitzen kudeaketa bere gain hartuko du Aldundiak 2018. urtea baino lehen. Esku aldatzearen ondoren ere egoitzaren kaliteta eta zerbitzu ona bermatzeko konpromisoa hartu dute bi erakundeek, eta orain arteko urteetan egoitza horretan karidadeko lekaimeek, herritarrek eta langileek egindako lana goraipatu dute.


Diputatua pozik azaldu da eskumenak berrantolatzeko prozesuak daraman bidearekin, horri esker erantzun bat ematen baitzaie udalen aldarrikapenei eta Legeak agindutakoa bete baitaiteke. Gainera, foru eta udal arduradunek langileen ordezkariekin izandako bileran gogorarazi dute Foru Aldundiak blindatu egin dituela zentroetako langileen lan baldintzak, udalekin sinatu beharreko hitzarmenetan klausula bat erantsiz lanpostu guztiei eta lan baldintza guztiei eutsiko zaiela bermatzeko. Era berean, berretsi dute ez dela aldaketarik egongo egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean ez eta baldintzetan ere. Azkoitiko San Jose egoitzak 60 langiletik gora ditu eta 100 egoiliar inguru artatzen ditu eguneko zentro, egoitza eta apartamenduetan.

Alkatearen hitzetan eskualdaketaren ondoren ere zerbitzu ona eta kalitatezkoa bermatzea izango da helburua: "Diputazioak badu horretan eskarmentua, eta seguru gaude hala egingo duela. Guk, Udalak, konpromisoa hartzen dugu horren jarraipena egokia egiteko". Bestalde, urte guzti hauetan egoitzan aritu diren karidadeko lekaimeek, herritarrek eta langileek egindako lan ona goraipatu du Alberdik: "Azkoitiko adinekoek zerbitzu egokia izan dezaten eta euren ongizatea eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko lan handia egin dutelako, eta euren ahaleginik gabe egungo egoera ezinezkoa izango litzatekeelako".

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu du Gipuzkoako 16 udal egoitza horien kudeaketa bere gain hartzeko, eta prozesua hiru fasetan osatuko da. Aurten bertan, Azkoitia, Elgoibar, Villabona eta Zumaiako egoitzekin hasiko da prozesua, eta gero Lasarte-Oriakoa gehituko zaie. 2016rako Kabia organismoak beste sei egoitza kudeatuko ditu: Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Irun eta Pasaiakoak. Bukatzeko, Bergara, Hernani, Oñati, Ordizia eta Tolosako egoitzak pixkanaka pasako dira Foru Aldundiaren eskuetara 2017 eta 2018an. Horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako egutegia beteko da, eskumenen eskualdatzea osatzeko 2018. urtea jarri baitzuten epemuga gisa.

Foru diputatuak iragarri du datozen egunetan jarraitu egingo duela Foru Aldundiaren eskuetara pasako diren egoitzak bisitatzen, bertako erabiltzaileei eta langileei lasaitasun mezu bat helarazteko. Hain justu, astelehenean Villabonan izango dira.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut