Berriak Martxoaren 1etik aurrera, Lurraldebusen autobus guztiak geldituko dira Altzibarko geltokian

Martxoaren 1etik aurrera, Lurraldebusen autobus guztiak geldituko dira Altzibarko geltokian

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

altzibarfotoUrteetan herritarren egindako eskariari erantzunez, datorren igandetik aurrera Lurraldebusen autobus guztiak geldituko dira Altzibarko geltokian. Orain arte Zumarragarako joan etorriak egiten zituztenak soilik gelditzen ziren eta Donostia eta Zarautzera joaten zirenak ez: Udalak hala eskatua, geltoki hori zerbitzu guztietarako berreskuratzea erabaki du orain Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Izan ere, igandetik aurrera nabarmen hobetuko da bailarako autobus zerbitzua. Zumarragako ospitalerako lineak, Azkoitia-Zestoa artekoak, eta Zarautzera eta Donostiarakoak hobetu dira, eta ostiral gauetako zerbitzua ere indartu da. Hemen duzue ordutegi berria. Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz egindako parte hartze prozesuaren ondotik iritsi da zerbitzuaren sendotzea. Guztira 5.000 ekarpen baino gehiago jaso dituzte Gipuzkoan, eta haietatik %75 inguru onartu dituzte. Eskualdez eskualde hasiko dira zerbitzu berriak indarrean jartzen, eta eskualdean martxoaren 1etik aurrera ezarriko dituzte aldaketak.

 


Aldundiaren arabera, "apustu oso garrantzitsua" egin dute zerbitzua indartzeko, eta "herritarren beharretara egokitzeko lan berezia" egin du, haien ekarpenak kontutan hartuta egin baitituzte aldaketak. Azkoitiko Udalak, berriz, ingurumenaren aldeko apustua nabarmendu du. Norbere kotxea etxean utzi eta garraio publikoa erabiltzea erosoagoa eta merkeagoa izateaz gain, herriarentzat ere onurak ekarriko ditu: autoen zirkulazioa gutxituko da eta ingurumenaren kalitatea hobetu, CO2 isurketak nabarmen jaitsiko direlako. Horregatik, autobusa erabiltzera animatzen ditu herritarrak.
Eta ez bailara barruan mugitzeko bakarrik, baita herri barruan ibiltzeko ere. Horretarako jarri zuen martxan Urbanue udan, eta ordutik herritarren beharren arabera egokitu du ordutegia. Hala, besteak beste, Altzibar eta beste auzo batzuetako haurrak ikastetxeetara etortzeko zerbitzua handitu eta sendotu dute. Behin betiko ordutegia itxi da jada, eta webgunean, udaletxean eta geltokietan daude eskuragai.
Urbanuen erabilera datuak ere eman ditu Udalak. Irailetik urte amaiera bitartean, batez beste 86 lagunek erabili dute autobusa, eta gehiena hirugarren linea erabili da, Floreagara doana.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut