Berriak Floreagarako igogailua, alokairu soziala, herri aldizkaria eta beste hainbat, udal gobernuaren aurrekontu proposamenean

Floreagarako igogailua, alokairu soziala, herri aldizkaria eta beste hainbat, udal gobernuaren aurrekontu proposamenean

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

aurrekontuproposamenAzkoitiko Udal Gobernuak 2015eko aurrekontuetarako dituen asmoak jakinarazi berri ditu. 13.010.000 eurorekin osatu dute aurrekontu orokorra eta  maileguak ordaintzeko iaz baino 443.554 euro gutxiago erabiliko dituenez  (eta 2013an baino 1.132.500 euro gutxiago), inbertsioetarako aukera zabalagoa izango du. Inbertsiorik handiena Floreaga auzoan igogailua jarri nahi du Udal gobernuak. 500.000 euroko partida aurreikusi dute proiektu hori egiteko. Hango bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko asmoz jartzekoak dira igogailua, Aldalur autobus enpresaren ondotik auzoaren goialderaino, bi pisurekin.

Orokorrean, partida guztiak mantendu egingo ditu, eta alor batzuk bereziki indartu. Hala,  alokairua sustatzeko, 148.000 euroko partida sortu dute: batetik, alokairu sozialera bideratzeko etxeetan egin behar dituzten obretan lagunduko dute. Bestetik, gazteak gurasoen etxebizitzetatik emantzipatu daitezen, etxebizitza bat alokatzeko haiei zuzendutako diru laguntzak eskainiko dituzte. Azkenik, saltokia martxan jarri nahi dutenek laguntzak jasoko dituzte alokairurako.

Gizarte Zerbitzuetako partidak ere indartu egin nahi dituzte, 106.000 euro gehiagorekin. Arlo horretan, etxez etxe eskaintzen duten laguntza zerbitzuak 67.000 euro gehiago izango luke, 545.000 euro guztira. Alberdik esan duenez, udal gobernuak berdintasunean, «apustu sendoa» egiten jarraitu nahi du aniztasunean eta parte hartzean, eta beraz, arlo horietara ere diru gehiago bideratzeko asmoa daukate. Era berean, auzo elkarteak sustatzeko diru laguntzak eman asmo du hurrengo urtean.

 

Garapen bidean dauden herrialdeak laguntzeko, iaz baino 27.000 euro gehiago jarriko dituzte. Guztira, 74.000 euroko partida izango du honek, beraz. Ekonomia suspertu eta langabeziari aurre egiteko partidak, berriz, 227.000 euro izango ditu, besteak beste, enplegu planerako, lan orientazio zerbitzurako nahiz ekintzailetasuna sustatzeko.

Beste hainbat proiektu ere gauzatu nahi dituzte 2015ean. Hala nola, baratze ekologikoak jarri nahi dituzte herritarrek erabili ditzaten, eta Udaltzaingoaren zerbitzua ostiral gauetara zabalduko dute. Xabier Munibe haur eskolan, berriz, aterpea egingo dute, eta Balda Kalean barandilla berrituko dute. Era berean, partidak indartzea aurreikusten dute herri barruko bidegorria osatzeko, herri aldizkaria martxan jartzeko eta umeentzako zinema saioak antolatzeko eta estreinuko filmak ekartzeko.

Danon Herrixe prozesuan herritarrek aukeratutako proiektuak ere sartu dituzte proposamenean. 250.000 euroko partidarekin, Liburutegi ondoko parkea estaltzea, baserri bideen partida indartzea, tenis pistak konpontzea eta espaloiak konpontzeko partida indartzea bozkatu dute azkoitiarrek.

Udal gobernuak dagoeneko aurkeztu die bere proposamena gainerako alderdiei, eta haiek emendakinak egiten ari dira orain. Horiek aztertu ondoren, abenduaren 19ko udalbatzan bozkatuko dituzte 2015eko udal aurrekontuak. 

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut