Berriak %70 edo gehiagoko bereizketa tasara iristeko, bilketa sistema misto bat ezartzea erabaki du hondakinen lan taldeak

%70 edo gehiagoko bereizketa tasara iristeko, bilketa sistema misto bat ezartzea erabaki du hondakinen lan taldeak

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

hondakinsistema.png 2013ko uztailean udalbatzak onartutako %70 edo gehiagoko gaikako bilketara iristeko helburua lortzeko sistema eraginkorrenak aztertzen aritua da Azkoitiko hondakinen lantaldea, eta hainbat aukera aztertu ostean, bilketa sistema mistoa bat jartzea erabaki du; Azkoitia Bai, EH Bildu, Zero Zabor eta hainbat herritarren babesarekin. Zehazki, honako sistema ezarriko da:
-Papera, ontzi arinak, beira eta organikoa orain arte bezala jasoko dira, edukiontzi finkoen bidez. Edukiontzi marroiari txipa jarriko zaio.
- Aldaketa bakarra errefusa edo edukiontzi grisean egongo da; edukiontzi grisa kendu egingo da eta birziklatu ezin diren hondakin horiek atez ate jasoko dira, astean behin, ordutegi zehatz batekin.
-Organikoaren bereizketan emaitza hobeak lortzeko, orain arte bezala, autokonposta eta auzokonposta indartzeko neurriak hartuko dira.
-Pardelentzat edukiontzi bereziak jarriko dira.
-Merkatari eta hondakin sortzaile handiekin ere lanketa berezia egingo da, egungo bilketa hobetu eta alor horietan bereizketa sistema eraginkorragoa lortzeko.
-Landa eremuetan gune berezituak jarriko dira, ekarpen guneak, hondakinak gaika biltzeko.

 

Ikerketa eta azterketa ugari egin ostean, aldaketa honekin jauzi handia eman daitekelakoan dago hondakinen lan taldean, egungo %34ko bereizketa tasatik %70etik gorakora pasatzeko aukera ematen duelako. Tasa horietara iristeko gakoa errefusa eta organikoa ondo sailkatuta biltzea da, eta sistema honekin hori bermatzeko modua izango dela uste du. "Beste herri batzuetan, adibidez Legazpin, emaitza oso onak ematen ari da sistema hau eta herritarrentzat aldaketa oso txikia suposatuko du. Ohitura aldaketa minimo batzuekin jauzi handia emango dugulakoan gaude, eta hori da gure helburua eta ardura", adierazi du Esther Lizarralde zinegotziak.

Erabaki hau ondo hausnartu eta aztertutakoa izan da eta urtebeteko partaidetza prozesu baten ondoren hartu da. Orain urtebete inguru jarri zen martxan hondakinen mahaia eta bertan, herriko eragile sozial, politiko eta norbanakoekin hainbat bilera egin ziren gaia aztertzeko. Bilera horien ondoren, hondakinen mahai horrek Azkoitiko hondakinen sistema bilketak bermatu beharko lituzkeen gutxieneko irizpide batzuk adostu zituen:
- Bilketa sistemaren inguruan:
Sistema ezartzen den urtean (2014an) sailkatze maila %70era iristea, eta ondorengo bi urteetan %80-85era iristea.
Gaika bildutakoaren kalitatea bermatuko duen eredua izatea.
Errefusari atea itxiko dion sistema izatea,
- Hondakinak sailkatzea herritar guztion betebeharra da.
- Prebentzio politikak beharrezkoak dira.
- Bilketa eredua zehazterakoan irizpide teknikoak hartuko dira kontuan.

Hondakinen mahaiak irizpide horiek betetzeko eskatu zien Udalari eta 2013ko Udalbatzak konpromiso hori hartu zuen, EH Bildu, Azkoitia Bai eta EAJren aldeko botoekin.
Horren ondoren, bigarren fase bati ekin zion hondakinen lan taldeak. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak eta Zero Zabor taldeak helburu horiek beteko dituen sistema aztertzeari ekin zioten. (Atez atekoaren kontrako plataformari eskatu zioten parte hartzea baina uko egin zion). "Fase honen hasieran kide guztiok honako konpromisoa hartu genuen: gutxieneko horiek lortzeko gure jarrerak malgutzeko prestutasuna. Hortik abiatuta guk hasierako posturatik mugitzeko eta akordio batera iristeko ahalegina egin dugu, betiere gutxieneko horiek bermatuko dituen sistema egokiena aukeratzeko. Eraginkortasunaren izenean atez-atekoaren aldeko autua egin genezaken, baina adostasuna izan dugu helburu eta herritarrentzat ohitura aldaketa txikiena suposatuko duen sistema bat ezartzea. Erdibidean dagoen sistema bat izan da adostu duguna eta gaur hemen aurkeztu duguna" .

Herritarrei lasaitasun mezua ere eman nahi izan die hondakinen lan taldeak "Eurekin batera egingo dugu aldaketa prozesua, behar duten informazio, laguntza eta babes guztia izango dute sistema berrira egokitzeko, eta bidea ahalik eta errazen egiten saiatuko gara. Hasteko, datorren astelehenean bertan, apirilaren 7an, bilera ireki bat egingo dugu sistemaren eta bera ezartzeko prozesuaren inguruan berri emateko, eta herritarrek dituzten galdera, zalantza eta kezka guztiak argitzeko. 18:30ean izango da, Elkargunean. Ordutik aurrera, uneoro egongo da informazioa eskuratu eta zalantzak argitzeko aukera, eta sistema martxan jartzeko teknikari bereziak ere jarriko ditu Urola Erdiko Mankomunitateak".
Sistema jarri ostean, aldiro egingo zaio jarraipena, ezarritako helburuak betetzen diren ala ez ikusteko, eta beteko ez balira beharrezko aldaketa eta hobekuntzak egiteko.

Udala hasi da jada sistema honen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzen eta bilketa sistema berria arautuko duen ordenantza ere lantzen ari da. Ondo bidea, udarako martxan izatea espero da.

"Bitartean, esan bezala, lasaitasuna eta ardura eskatu nahi diegu herritarrei. Aldaketa txikiak dira eta ahalik eta errazen eta erosoen egiteko, beharrezko baliabide guztiak jarriko ditugu. Merezi du ahalegina egitea, emaitzetan jauzi handia emango dugulako eta guztiok irabaziko dugulako.Eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan informazioa bildu, ekarpenak egin eta gaia lantzeko bide lagun izan ditugun herritar eta talde eragileak. Aurrera begira ere elkarlana ezinbestekoa izango da gauzak ondo egiteko eta hondakinen kudeaketa hobetzen joateko".

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut