Berriak Azkoiti eta Azpeitiko udaletako alderdi politikoek ekonomia sustatzeko akordioa sinatu dute

Azkoiti eta Azpeitiko udaletako alderdi politikoek ekonomia sustatzeko akordioa sinatu dute

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

akordiopolitikoa.png

Legegintzaldien eta alderdien ordezkarien gainetik, sozioekonomia sustatzeko elkarlanean aritzeko akordioa sinatu dute Bilduk, EAJk, Hamaika Batek eta PSEk.Eskualdearen sustapen ekonomikorako politikek eta estrategiek lehentasuna dutela adostu dute tokiko erakunde eta alderdi politikoek, eta udaletako ordezkari politikoen akordioarekin babestu dute erabakia. "Akordio hau arlo politikoan kokatzen dugu, eta bere oinarria da Urola Erdiko sustapen ekonomikoaren inguruko estrategiak garatzea. Gure ustez ezinbestekoa da jarduera ekonomiko berriak sustatzeko oinarriak finkatzea etorkizuna gure bailararentzat ona eta oparoa izateko", adierazi dute akordioa sinatu duten alderdietako kideek.

 

Batez ere, bi helburu nagusi lortu nahi dituztela: "Uste dugu eskualdeko garapen ekonomikorako arlo estrategiko nagusi batzuk zehaztu ditugula, eta gainera, garapen horri berme politiko bat ematen diogula. Alderdi politikoen babesa ematen diogu. Hemen pertsonalki baino gehiago, alderditik ari baikara hizketan, eta horrek babesa ematen dio akordioari".

Gaur arte, eskualdearen egitura ekonomikoa sektore industrial helduetan oinarritu da gehienbat, sektore horiekiko menpekotasun handia sortuz. Azken urteotako krisiak ondorio larriak eragin ditu bailaran: enpresen itxiera eta langabezia tasen hazkundea, hain zuzen. "Egia da gure bailara krisiak gogor jo duela eta zerbait egiteko premia badugula. Bai tokiko erakundetatik bai alderdi politikoetatik zerbait egin beharra dugu, denok batera, eta horixe da akordio honen helburua. Guk eskumen batzuk ditugu, eta horiek ditugun heinean konpromiso hauek aurrera ateratzen saiatu beharko genuke, bailarak behar dituen zerbitzuetara egokituz eta horiek eskaintzeko baliabideak jarriz".

Iraurgi Berritzenetik eta eragile desberdinen artean garatu den elkarlan sarearen baitan kokatzen da prozesu hau. "Sarearen helburua eskualdearen garapenerako prozesu estrategikoak eta berritzaileak sustatzea da; beti ere oinarritzat hartuta eragileen beraien egitasmoak eta elkarlana. Ildo honetatik, enpresak ikastetxeekin eta beste eragileekin garatzen ari diren beste proiektuak bezala erakunde eta politikoen arteko elkarlana eta adostasunak sustatzea estrategikoa dela uste dugu lurraldeen garapenean pausoak emateko hainbat eta hainbat arlotan. Horretarako, elkarlan prozesu parte hartzaile bat bultzatu dugu eskualdeko ordezkari politikoekin. Adostasun horiek bilatzeko sustapen ekonomikoaren estrategiaren inguruan. Akordio hau abiapuntu bezala ulertzen dugu, jarraipena emango zaion prozesu moduan, bai maila politikoan eta bai maila teknikoan. Uste dugu hau dela bidea, horrek egingo duelako posible, epe luzera begira, gure inguruko beharrei erantzuteko proiektuak garatzea modu iraunkor batean".

Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak azaldu duenaren arabera, "egoera eta gure esperientzia kontuan izanda, Azpeitia eta Azkoitiko udal ordezkariek eta gure alderdi politikoek konpromisoa hartzen dugu prozesu hau lehenetsi eta babesteko". Konpromiso hori hartu dute ondorengo bost terminoetan:

Legealdiak dirauen bitartean bai alkatetzatik eta bai oposizioko alderdietatik prozesuaren jarraipena bermatuko dute. Prozesuaren jarraipena egingo dute garapen agentziaren baitan, eta horretarako Garapen Guneako bileretan parte hartzera deituko dira.
Dibertsifikazio estrategiaren berri, udal bakoitzeko alderdietara eramatea. "Aktibitate ekonomiko berria sortzea bailaran, egiten dakigunetik beste jarduera edo berrira bilakatuz eta merkatu berriei egokituz. Hemen gaudenok lan hori egin dugu eta babesa lortu dugu", azpimarratu du Bastarrikak.
Hurrengo hauteskundeetarako alkategaiak izendatzen direnean, hauek Garapen Guneako bileretan parte hartuko dute, eta legealdia amaitu aurretik prozesuaren berri izango dute.
Hauteskundeetako emaitzak direnak direla ere, prozesu honen transferentzia egiteko denbora eta borondatea jartzea, prozesua legealdi aldaketagatik moteldu ez dadin.
Eskualdeko alderdi politikoen artean, hau da, ordezkari aktiboen nahiz ohien artean, talde berri iraunkorra osatu legealdiaz haratago, eskualdearen garapenerako elkarlana helburu izanik lan egingo duena Think Tank ereduan.
Bastarrikak erantsi du "estrategia hau ahalbidetzeko beharrezko baliabideak egokitzeko konpromisoa ere" adostu dutela.

Hartutako konpromisoekin batera, Urola Erdiaren Dibertsifikazio Ekonomikoa Sustatzeko Iraurgi Berritzenetik garatzeko adostu dituzten lan lerro nagusiak ere aipatu dituzte agerraldian.

Ehun ekonomikoaren dibertsifikazioa sustatzen lagundu bailarako enpresei sektore eta tendentzia berrietara egokitzeko. Horren harira, "produktu berriak behar ditugu, prozesu berriak behar ditugu, teknologia berriak behar ditugu eta hor apustu bat egin nahi dugu. Dibertsifikazio estrategia transbertsala izatea adostu dugu; banakako zerbitzuak eskainiko zaizkie enpresei, askok behar izaten dutelako gauza konkretu bat une konkretuan. Eta horretaz gain, sektore helduen azterketa ere burutuko da, kontutan hartuta bailara honetan dauden enpresa gehienak sektore helduan dabiltzala momentu honetan, horreatik laguntza berezi bat behar dute eta azterketa bat egin beharra daukagu", esan du Mikel Zubizarreta Azkoitiko EAJko ordezkariak.
Bailarako enpresen arteko elkarlanaren aldeko apustua. Krisi garaian egon arren, "badakigu baita ere bailara honetan badaudela ondo doazen enpresa batzuk. Beraz, nolabait nahi dena da ikastea nola egiten duten lana, zertan dabiltzan... Eta elkarlanaren bidez ea posible den bertako enpresek duten gaitasuna beste enpresetara eramatea".
Enpresen internalizazio prozesuak sustatzen lagundu. "Ez da erraza, baino saiatuko gara bertako enpresei azaltzen kanpoan nola saldu behar den eta kanpoan nola mugitu behar duten erakusten".
Formakuntza: bailarako pertsonen gaitasunen garapena eta egokitzapenerako konpromisoa. Garai berriak badatoz, formakuntzan ere berritzen joatea ezinbestekoa da. "Alferrik da bertako enpresei laguntzea bertan dagoen langileak formakuntzarik ez badu. Baino era berean, alferrikoa da langileak asko eta ondo formatzea gero atzerrira joango badira. Beraz, lan lerro berezia da, estrategikoa eta oso inportantea".
Eskualdearen egokitzapenerako, eragileen parte hartzea eta elkarlana indartuko dira proiektu koletibo estrategikoak sustatzeko. "Estrategia honen lerro nagusienetako bat da hau: eragile desberdinen parte hartzea, eta bereziki elkarlana bultzatu eta sustatzea. Udaletxeetatik hasi, enpresa txikietatik handietara, hezkuntza zentroetara, eta abar", esan du Aitor Aranguren Hamaikabat alderdiko ordezkariak.
Zailtasun ekonomikoak eta juridikoak dituzten enpresentzako aholkularitza martxan jartzea eta indartzea.
Ekintzailetasuna sustatzea. Modu pasibotik aldendu eta modu aktiboan sustatzea bultzatuko dute.
Urola Erdiko Sustapen Ekonomikorako Estrategia Dibertsifikazio Estrategiaren prozesuan parte hartu duten alderdi politikoen artean adostu bada ere, irekita dago beste ordezkaritza politikoei, haiek ere akordiora gehitu daitezen.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut