Berriak Herri historia jasotzeko 6.000 euroko beka sortu du Udalak

Herri historia jasotzeko 6.000 euroko beka sortu du Udalak

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

matadeibeka.pngAzkotiko matadeiko eraikin berrienak 100 urte betetzeko ditu aurten. Herriaren historian, soziologian eta bilakaeran zeresan handia izan duen tokia da matadeixe eta hori abiapuntu hartua, beka bat sortu du Udalak, Azkoitiko azken 100 urteetako herri historia jaso eta liburu batean biltzeko. 6.000 euroko diru-laguntza izango da, eta proiektuak aurkezteko azken eguna martxoaren 31 da. Badira lehen ere Azkoitiko historia jaso duten liburuak, kalitatezkoak, baina oraingoan bilatzen dena historia horren irakurketa berri bat egitea da, datuen eta gertaeren interpretazio bat, kontakizun bat. Hala azaldu du Xabier Gantzarain kultura zinegotziak. "Behin Iñigo Aranbarrik esan zuen bezala, 'Historia datuz jositako zabortegi bat da', eta orain, datuak baino, lan akademikoa baino, kontakizun historiko bat behar dugu". Bekaren oinarriak, hemen.

 

Epaimahaikideak, berriz, honakoak izango dira: Imanol Mujika, Udal artxiboko teknikaria, Jose Luis Otamendi idazle eta historia irakaslea eta Amagoia Gurrutxaga Berriako kazetaria eta herri historiako liburu egilea.

Kontakizun historiko hori Matadeittik abiatzea arrazoi bategatik erabaki dute: "Bazterrean dagoen eraikin batean, aparte nahi ziren eginkizunak egiteko sortutakoan, ahaztuta geratzeko arriskuan dauden hainbat kontu batzen direla iruditzen zaigulako, eta gure herriaren historia horrekin halakorik gertatzerik ez dugulako nahi". Eta zer kontu bildu nahi ditu liburu horrek? Egia da deialdian ez direla zehazten edo ez dela jarraitu beharreko bide-orririk, zehatzik behintzat, ematen. Gaiaren zabaltasun hori bera aukera bezala baliatuko delakoan, deialdiak, jasotzea espero dituen proposamen edo proiektuak askotarikoak izatea nahi du. Ez da haragi industriaren historia ekonomiko bat espero halere; baina badu herriaren historia ekonomikoarekin zerikusi zuzena. Udal-eraikina izanagatik ere, ez du udalaren historia instituzionalik bilatzen. Ez du ezta herri honek eman dituen hainbat pertsonaia "handiren" gorabeheren berri ematerik espero.

Eraikina bera abiapuntutzat beraz. Zer ez du ba ikusi eraikin honek azken ehun urtetan... Eta herria; geografikoa eta humanoa. Elementu jakin baten eta sarritan forma zehatzik ez duen izate edo entitate baten artean denboran zehar gurutzatu diren eta gurutzatzen diren eremu ezberdinetako jende, prozesu, egitura, eta hauen bilakaeren kontakizun bat. Nahi bada, izan daiteke herriaren historia sozial bat, edo lekuen antropologia bat, bizi-historiak bilduko dituena, izenik gabekoen historia, behetik dabiltzan haizeek dakartena. Herriarena, finean. Ahaztu gabe, noski, herria izate hertsi bat izatetik urruti dagoena, eta inguruan eta kanpoan gertatu izan direnetatik modu batean edo bestean eragina jaso eta hartatik edaten duena ere badena.

"Deialdi honek, aurkezten diren proiektuek, elementu guzti hauek kontuan hartu, eta, gehitu, hobetu eta asmatu dakizkiokeen ñabardura eta ikuspuntu guztiak hobestea du gogo eta helburu. Lanak hartu ditzakeen bide irekiek, beraz, bekaren eskatzaile izan daitekeen edozeinen profilik ez du aurrez determinatu nahi. Izan bedi, herria bezala, edonor", gaineratu du Xabier Gantzarainek.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut