Urola Erdiko trikitixaren fenomenoa jasotzen duen dokumentala lantzen ari dira eta 2019ko udazkenean ikusi ahalko da emaitza. Gaur aurkeztu dute ekimena Azkoitiko udaletxean sustatzaile eta babesleek. TrikiGiro elkartea eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba ari dira proiektua garatzen hainbat norbanakorekin batera, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen laguntzarekin.

“Zaindu –esan du Sonia Vazquez Kultura zinegotziak- behar dugun ondarerik baldin badugu Urola Erdian, hori trikitixarena da. Ukaezina da trikitiak herri honi izena eta izana eman dizkiola eta dokumentalak balioko du ondare hori balioan jartzeko eta gure ondorengoei hemen izan diren eta diren trikitilarien ekarpena ezagutarazteko eta transmititzeko”.

Hizkuntza Eskolaren Azkoitiko gela desplazatuetan 193 lagunek hasi dute 2018-19 ikasturtea. Hizkuntzak ikasteari ekin diotenen artean 101 emakumezko eta gizonezkok ingelesa hautatu dute maila ezberdinetan. Eskolan B1.1, B1.2 eta B2 mailak eskaintzen dira ingelesean. B2 taldea da jendetsuena 56 lagunekin.

Nobedadeen artean, aipatzekoa da aurtengo ikastaro eta tituluen eskaintza. Izan ere, alemanean A1 mailari A2 gehitu zaio eta estrainekoz, frantseseko eskolak ematen hasi dira, A1 mailan.

Eguraldi ona dagoela iragarrita ikusita, Udalak hirugarren autobus bat jartzea erabaki du ostiralean Elosuko Mendi Ganadura joan nahi dutenentzat. Aurreko urteetan bi autobus txiki ibili ohi dira bueltaka eta puntako orduetan ilarak sortu ziren iaz. Horregatik, aurten hiru izango dira bueltaka ibiliko diren autobusak.

Goizeko 9.00etatik iluntzeko 20:30era eskainiko da zerbitzua. Lehenengo autobusa goizeko 9:00etan irtengo da Eroski txiki aurretik eta azkena Elosutik Azkoitira, 20:30ean.

Urtero bezala, Udalak autobusak ipiniko ditu ostiralean, urriaren 12an, Elosuko Mendi Ganadu Ferira joan-etorria egiteko. Bi autobus ibiliko dira etengabe bueltaka. Goizeko 9.00etan aterako da lehenengo autobusa Eroski txikitik eta azkena Elosutik Azkoitira iluntzeko 20:30etan aterako da.

Aurreko urteetan bezala, Udalaren euskara zerbitzuak laguntza ekonomikoak eta teknikoak bideratuko ditu euskararen presentzia areagotu nahi duten establezimenduentzat. Eskaerak euskara sailean aurkeztu beharko dira eta horretarako azken eguna urriaren 31 da.

Merkatariek laguntzak jaso ditzakete, besteak beste, webgunea, programa informatikoak edota publizitatea euskaraz egiteagatik.

Halaber, diruz lagunduko da kanpoko errotuluak eta materiala, hala nola, poltsak, kartazalak, bisita txartelak, albaranak, fakturak, e.a. euskaratzea.

Azkoitia BHI kide den Euro School Net 2000 sare europarraren urteko batzarraren anfitrioia da. Europako hamar ikastetxetako hogeita hamar irakasletik gora bildu dira gaur Intsausti Jauregian partekatzen dituzten proiektuak jorratzeko eta euren esperientziak eta ezagutza trukatzeko. Javier Zubizarreta alkateak egin die harrera Hezkuntza zinegotzi Marijose Arregikin batera.

”Hizkuntzak –esan die alkateak- dakizkiten gazteak nahi ditugu, irekiak, munduan zehar ibiltzeko arazorik ez dutenak, ekintzaileak. Eta horretarako, zuek bultzatzen dituzuen elkartrukeak oinarri oinarrizkoak direlakoan nago“. Bere hitzetan, “teknologiaren aurrerapenari esker mundua txikitu egin da. Gero eta txikiagoa eta konplexuagoa da. Ez dugu distantziaren noziorik eta ikasleen, langileen eta herritarren mugikortasunak testuinguruak goitik behera aldatu ditu urte gutxitan“.

Bolumen handiko hondakinak biltzeko zerbitzua duela urtebete aldatu zen. Ordura arte, kaleko edukiontzietan uzten ziren egun jakinetan. Iazko uztailetik aurrera, ordea, Emaus Kooperatibaren bidez egiten da bilketa eta Urola Erdiko Mankomunitatearen arabera, aldaketa onerako izan da.

“Urtebetean –dio Mankomunitateak- bolumen handiko hondakinen bilketak hobera egin du: berrerabiltzen den hondakin kopurua hirukoiztu egin da eta zabortegira bideratutakoa erdira jaitsi da. Hori horrela, zoriondu egin behar ditugu herritarrak. Bestalde, zoriondu zerbitzuaren aldaketa ondo egin delako, hondakin gutxi azaltzen baita kaleko edukiontzien alboan. Era berean, nabarmen igo da bolumen handiko bilketan diharduen Emaus kooperatibak jasotako deiak”.

Larunbat honetan, urriaren 6an, 11:30ean, Aizkibel Liburutegian Lur Usabiaga ipuin kontalariarekin hitzordua dute 4 urtetik gorako haurrek. "Zuhaitz ipuinkotalaria" -ren inguruak arituko da Usabiaga.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25