Udalak 4.000 zapi berri atera ditu aurtengo Andramari jaien atarian eta larunbat honetan, abuztuaren 10ean, egingo da banaketa. Udal zinegotziak arduratuko dira zapiak banatzeaz eguerdiko 12:00etatik 13:00era bitartean Kontzejupean. Pertsona bakoitzak gehienez lau zapi jaso ahalko ditu. Zapiak doan banatuko dira.

Marea Urdinarekin elkarlanean, Udalak hainbat neurri hartu ditu datozen Andramari jaietan aniztasun funtzionala duten pertsonei gauzak erraztu eta festez gozatzeko aukera emateko xedez. Marea Urdinarekin gaia landu ostean, eta elkartearen eskakizunei erantzunez, Udalak erabaki du barraketan musika kentzea abuztuaren 14tik 18ra bitartean, bi egunak barne, 18:00etatik 19:00etara.

Visesa sozietate publikoak atera ditu lehiaketara Floreagako babes ofizialeko etxebizitzen eraikitze lanak. 3.699.221 eurotan (BEZ gabe) atera da lizitazioa. Obrak geratuta egon dira aurreko eraikuntza enpresaren eta Visesaren arteko kontratua desegin zenetik.

Aichatu Ahmed Salem eta Nayat Mustafa Hach haur errefuxiatu sahararrak dira. Aljeriako kanpamenduak utzi eta uda pasatzera Azkoitira etortzeko aukera izan dute bertako bi familiren elkartasuna tarteko. Gaur Ongizateko zinegotzi Janire Igoak hartu ditu umeak ezagutu, ekimenarengatik familiak zoriondu eta egonaldiaz galdetzeko.  

Donostiako Musika Hamabostaldiak eta Azkoitiko Udalak bat egin dute Hamabostaldiak herrian presentzia izan dezan, hiriburutik barnealdera zabalduz egitaraua. Elkarlanaren ondorio da asteazken honetan, abuztuak 7, Loreto Aramendi organista gipuzkoarrak Azkoitiko Parrokian emango duen kontzertua.

Azken prestaketekin batera, hasi da festa usaina nagusitzen Azkoitian. Gaur hasi dira etxeetan jaietako egitaraua banatzen eta gaur eta bihar artean etxe guztietara iristea espero da. Udal Musika Bandak  botako du aurtengo Andramaixek lehertuaraziko dituen txupinazoa. Justu aurretik, Udalak omenaldia egingo dio Musika Bandari udaletxeko batzar aretoan. Ekitaldira gonbidatuta daude Bandatik igaro diren musikari guztiak eta gaur egungo kideak eta baita,  beren aitortza eta eskertza adierazi nahi dieten herritarrak ere. Ekitaldia, irekia, 11:30ean izango da abuztuaren 14an.

Xabier Munibe ikastolako sarreran estalpea egiteko lanetan ari dira egun hauetan eta langileek bukatzear dute egin beharrekoa. Lanek 80.000 euroko aurrekontua dute. Egurrezko egitura batek sostengatuta, polikarbonatozko panelak jarri dira estalpea eraikitzeko. 12x10 metroko neurriak ditu babestutako guneak.

Azkoitiko Udalak antolaturiko bisita gidatuen eskaintzak jarraipena izango du asteburu honetan. Ezagutu Azkoitiko Altxorrak egitarauaren baitan, eta Udaleko Ondar eta Turismo zinegotzia den Juan Bautista Mendizabalek gidatuta, gune historiko monumentala eta parroquia ezagutzeko aukera izango da. Bihar, abuztuak 3, eguerdiko 12:00etan, parrokiatik abiatuta, bisita gidatua egingo da gune monumentala ezagutzeko eta etzi, igandean, parrokian bertan izango da bisita eguerdiko 12:00etan.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25