Berriak Udal ordezkariek Iragaz enpresa zoriondu dute industria lurrak deskontaminatzeko asmatutako teknika berritzailearengatik

Udal ordezkariek Iragaz enpresa zoriondu dute industria lurrak deskontaminatzeko asmatutako teknika berritzailearengatik

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

taldeko argazkia

Serbitzu eta Iragazeko  ordezkariak udal agintariekin. Aitor Ulibarri, Miguel Angel Bastida, Jokin Aldalur, Amaia Mendoza, Javier Zubizarreta, Miguel Sánchez, Ana Azkoitia eta Maider Orueta. 

Udal ordezkariek, Javier Zubizarreta buru dela, Serbitzu taldean dagoen Iragaz enpresa bisitatu dute eta duen maila teknologikoa hurbiletik ikusteko aukera izan dute. Izan ere, konpainia patente bat eskuratze bidean da industria lurrak deskontaminatzeko asmatu duen teknika berritzailea tarteko. Udal gobernuak txalotu egin du egindako lana. “Pozgarria da –adierazi du alkateak- Azkoitian lehen mailako proiektuak garatzen ari direla ikustea eta uste dut herritarrek jakin beharrekoa dela”.

Iragazeko lantalde teknikoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta EHU/UPVrekin elkarlanean, hiru urte daramatza proiektuan lanean. Denbora horretan ez Euskadi eta ez estatu mailan ezagutzen ez den formula bat topatu dute kutsatutako lurrak erremediatzeko. Bi prozesuren arteko konbinaketa batean datza, bat kimikoa, bestea, biologikoa: nanopartikulen aplikazioa eta konpostaren bidezko biorremediazio prozesua.

Gaur egun, ohikoena da industria lur kutsatuak induskatu eta baimendutako zabortegi batera botatzea. Aipatu sistema mistoak alternatiba bat eskaintzen du zabortegia alde batera utziz, degradatutako espazioak berreskuratzeko ingurumen parámetro guztiak betez. “Gertutik ezagutzeko aukera izan genuen Anberesko eredua duela hiru urte eta Belgikan ez da ezer zabortegira eramaten, tratamendua ezinezkotzat jotzen ez bada”, dio Iragazen zuzendari Miguel Sánchezek. “Hemen aktibitate industriala jasan duten lur partzela guztiak dira potentzialki kontaminatzaileak. Zenbat altzairu-fabrika egon den pentsatu besterik ez dago”.

Iragazeko lantaldea ikerketarekin hasi arte, nanopartikulak lurrazpiko urak deskontaminatzeko erabiltzen ziren. “Pentsatu genuen –dio Amaia Mendoza industria  ingeniariak – nanopartikulak erabiliz nonbaitera iritsi gintekela, baina ez genuen nanopartikulak ekoizten geu hasi nahi. Mundu guztiak hiru hornitzaile bakarrik daude eta Txekiakoarekin jarri ginen harremanetan”. Handik gutxira laborategiko hozkailua materialarekin bete ahal izan zuten -nanopartikulak plastikozko ur botilen antzerako edukiontzietan etortzen dira- eta probak egiten hasi emaitzik lortzen ote zen ikusteko.

Bai laborategian eta bai kanpoan egin zituzten entseguak teknika bakoitzarekin eta 2015ean teknika mistoa praktikan jartzeari ekin zioten eraginkortasuna egiaztatzeko. “Ikusi genuen bi prozesuen nahasketak tratamendua indartu egiten zuela eta bien ordena ere garrantzitsau dela eta eragina duela. Efektiboagoa da lehendabizi nanopartikulak aplikatzea eta gero biorremediazioa, alderantziz egitea baino. Kanpoan egindako entseguetan emaitza arrakastatsua lortu genuen, %60an murriztuz hidrokarburo alifatikoa bi hilabeteren buruan”.

Galdera ikurrarekin hasitakoa ikerketa teknologiko esanguratsuan bihurtu da. Horren erakusle da Elsevier aldizkari zientifiko ospetsuan egindako argitalpena.

Behin sistema mistoaren eraginkortasuna egiaztatuta, administrazioaren lizentziaren eta patentearen zain dauden bitartean, azken hau eskuratzeak pare bat urte ematen baititu, entsegu berriekin jarraitzen dute. Ikusi nahi dute ea prozesu hau bera tokian bertan injekzio bidez aplikatu daitekeen lurra induskatu gabe eta ea bideragarria den kostuak murriztea nanopartikulen aplikazioa optimizatuz. Lehenengoari dagokionez, jada lanean ari dira lurrez beteta laborategian dituzten kubetekin. Horixe da 2019rako ezarritako erronka.  

laborategian

Alkatea Iragazeko lantaldearekin.

IMG 0395

Mendoza eta Sánchez nanopartikulen botilak eskuetan dituztela. 

IMG 0401

Entseguekin jarraitzen dute Iragazen. Argazkian Mendoza kubetekin.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu

AGENDAN DATOZENAK


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut