2013/10/29, Asteartea - 10:26
Espainiako Kontuen Epaimahaiak, Azkoitia Lantzen S.A.ren 2010eko kontuetan agertzen diren hainbat eragiketa ikertzea erabaki du, sozietate publikoak egindako jardueretan egon daitezkeen irregulartasunak argitzeko. Zehazki, Azkoitia Lantzen S.A.ren orduko arduradunek Txalonerrekako eremuan 2004 urtetik 2008 urtera arte egindako salerosketak ikertuko ditu, eragiketa ekonomiko horietan irregulartasun zantzuak ageri direlako. Helburu honekin, aipatu Epaimahaiak Aurretiazko Diligentziak ireki ditu, eta Epaile Instruktore bat izendatuko du, susmopean dauden kontratuak iker ditzala.
Gogoratu egungo Udal Gobernua udalean sartu zenean (2011n) Azkoitia Lantzenen kontuen auditoria berezi bat egin zuela, sozietate publikoaren egoera larriaz jabetu bezain pronto. Auditoria hark, aurreko urteetako gestioan detektaturiko irregulartasunak agerian utzi zituen, eta horien ondorioz zuzenketa garrantzitsuak sartu behar izan ziren 2010 eta 2011ko kontuetan. Aurrekari guzti horiek jasotzen dira 2010eko kontuei buruz Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egindako txostenaren aurrean Azkoitiko udalak aurkezturiko alegazioetan. Espediente hau Estatuko Kontuen Epaimahaira iritsi denean, azken honek udal sozietatearen kontuak ikertzea erabaki du.
< Aurrekoa | Hurrengoa > |
---|