Berriak
Aste Santua
Azkoitiko Aste Santua lasaitasunaz gozatzeko eta hausnarketa egiteko unea da baina, aldi berean, herriko folklore aberatsa ikusteko aukera ezin hobea ere bai, prozesioetan egiten diren erritoen bidez.
XVI. mendetik antzesten zen, Ostiral Santu egunez, Gurutzetik Jaistea, eta ekitaldi xume horretatik sortu zen prozesioen ohitura sendoa. Hauek XVIII. mendetik aurrera hartu zuten indar berezia, tradizio barrokoari esker.
Gaur egun egin ohi diren ekitaldien artean, Asteazken eta Ostiral Santukoak aipa ditzakegu. Asteazkenean Parrokiara ekarri ohi dira Azkoitiko Eliza eta Elizatxoetan barreiatuta dauden irudi eta eskulturak. Ostiral arratsaldez aterako dira prozesioan, aingerutxo, goi-aingeru eta penitente txikiak inguruan dituztela. Ilunabarrean Hilobiratze Santuaren prozesioa egin ohi da. Kristoren hilkutxak, Ama Doloretakoak, Chopin-en hileta-martxaren doinuak eta “armatuen” kolpe zirraragarriek, herritarrak isiltasunean, eskuetan kandelak hartuta, lagun dituztela, ikusgarritasun bizi eta hunkigarria osatzen dute. Ikustea eta bizitzea merezi duen ikuskizuna, inolaz ere.