Go!azen 5.0 ikuskizunerako sarrerak aurrez salgai jarriko dira datorren astelehenean, otsailaren 18an. Baztartxo Antzokian bertan eskuratu ahalko dira sarrerak 18:00etatik 19:30era bitartean. Sarrerak zenbakituak izango dira eta bakoitzak gehienez sei sarrera hartu ahalko ditu.
Sarrerak ez balira agortuko, hurrengo egunetik aurrera, otsailaren 19tik, Udako Kultura sailean salduko dira. Sarrerak 6 eurotan salduko dira.
Go!azen 5.0 musikala otsailaren 23an aurkeztuko da Baztartxon. Bi emanaldi eskainiko dituzte, bata 17:00etan eta bestea, 19:00etan.
Hamaseigarren ikasturtea dugu jada, Azkoitiko Udalak herriko ikastetxeekin batera, Eskolako Agenda 21 programa martxan jarri zuenetik. Urte hauetan gai ugari landu dira, beti jasangarritasunaren ikuspegitik: hondakinak, ura, mugikortasuna, kontsumoa, energia, elikadura, aztarna ekologikoa, klima aldaketa… Aurten, kontsumo gaia berrikustea erabaki da, baina oraingoan ekoizpen jasangarria ere barneratuz.
Floreaga Ikastetxeko eta Azkoitiko BHI izan dira orain harte parte hartu duten ikastetxeak. Aurten Azkoitiko batxilergoko taldea eta Izarraitz Lanbide Heziketako ikastetxea gehitu dira programara. Guztira, 1.300 ikasle inguru dira lan hau burutzen hasiak direnak.
Udaltzaingoak ohartarazi du dei faltsuak egiten ari direla Osakidetzaren eta Gurutze Gorriaren izenean. Udaltzainek antzemandakoaren arabera, aipatu erakundeentzat donazio edo ekarpen bat egiteko aitzakian deitzen dute eta kontu korronteko zenbakia eskatzen dute. Udaltzaingoak iruzurra dela eta adi ibiltzeko gomendatu du. Halaber, herritarrei gogorarazten die inori ez zaiola kontu korronteko zenbakia eman behar duen arriskuagatik.
Astelehenean hasiko dira Xabier Munibe kaleko hobekuntza obrak eta aldaketak eragingo dituzte trafikoan. Kalea itxita egongo da kiroldegiko biribilgunetik, alegia Gamundi etxe paretik, Elkarguneko tunel pareraino. Obrak egingo dira bidegorria tokiz aldatzeko eta txirrindulariek ez dezaten Elkarguneko tuneletik ibili behar. Halaber, lanekin nahi dena da oinezkoek lehentasuna izango duten gune bat sortzea, non bateratuko diren kiroldegiko, Gaztanenea parkeko edota herriguneko mugimenduak. Halaber, errepidearen eta espaloien arteko kotak berdinduko dira irisgarritasuna hobetuz.
Al | Ar | Az | Og | Or | Lr | Ig |
---|---|---|---|---|---|---|
22
| ||||||