“Partidua gaur hasten da, pilota aukeraketarekin”, dio Martin Alustiza, pilota hautatzaileak. Ostiralean Gurea Frontoian emango zaio hasiera Binakako Txapelketa Nagusiari eta gaur aritu dira lau pilotariak, Ezkurdia, Martija, Altuna III.ena eta Ladis Galarza pilotak aukeratzen eta probatzen. Javier Zubizarreta alkatea ere hurbildu da frontoira pilotariak agurtzera. “Aspalditik nuen gogoa maila horrelako partidu bat Azkoitira ekartzeko eta horren bila genbiltzan aspalditik. Aspe enpresako Inaxio Errandoneak proposamena mahai gainean jarri zidanean, ez nuen dudarik egin. Aurrera, pentsatu nuen”, dio alkateak. “Azkoitia eta pilota uztartzea da nire gogoa eta ostiralekoa horren adibide da”, gaineratu du.
Azkoitia Lagunkoiak, Udalarekin lankidetzan, Matiazaleaken “Bakardadeari begira” erakusketa ibiltaria ekarri du Azkoitira. Etxebeltzen egongo da ikusgai erakusketa azaroaren 21etik 24ra, 28an eta 29an eta abenduaren 5etik 8ra. 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahalko da erakusketa.
Bakardadea begiratzeko era ezberdinak jasotzen ditu erakusketak. Matia Fundazioaren Matiazaleak ekimenaren baitan, udan argazki lehiaketa antolatu zen bakardadea islatzeko eta lehiaketaren emaitza jasotzen da erakusketan.
San Andres jaien bueltan hainbat hitzordu eta topagune sortzen dira herritarren gozamenerako. Larunbatean danbor doinuak nagusitu aurretik, Baztartxo antzokian “Pirinioen Magalean” ikuskizuna eskainiko dute Iraurgi Abesbatzak, Azkoitiko Musika Bandak eta Sahatsa Dantza Taldeak. 18:00etan izango da eta sarrera doan da. Iparraldeko maskaradak eta pastoralak oinarri hartuta, alde guztietatik historia jario dion ikuskizuna taularatuko dute. Ehun lagundik gora bilduko dira eszenatokian.
Azaroaren 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurkako Egunaren bueltan, Udalak hainbat ekintza antolatu ditu indarkeria sexistaren adierazpide guztiak gaitzetsi eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat aldarrikatzeko, eraikitzeko.
“Berdintasunaren alde lanean jarraitzea beharrezkoa da, gizon eta emakumeen arteko berdintasun ezari aurre eginez, hor baitago emakumeen aurkako indarkeriaren erroa. Adi egon behar dugu ze indarkeria hizkuntzatik hasten da askotan. Indarkeria matxista gizarte honen gaitza da eta guztiok konprometitu behar dugu aurre egiteko”, dio Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak.
Al | Ar | Az | Og | Or | Lr | Ig |
---|---|---|---|---|---|---|
7
| ||||||
8
|
10
| |||||
15
|
16
|
17
|
18
| |||
24
|
25
| |||||